Haira Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa

2024/06/15
Jose Luis Sukiak jantzi dio txapela Haira Aizpuruari. 250 lagun bildu dira Arantzako frontoian, saioa jarraitzeko. Hamaika bertsolari aritu dira kantuan, lurraldeetako ordezkari eta Nahia Etcheverry izan da txapeldunorde.

Arantzako frontoian jokatu da 36. Euskal Herriko Eskolartekoa, 250 bertsozaleren aurrean. Hamaika bertsolari aritu dira kantuan, lurralde ezberdinetako ordezkari. Arabatik Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia; Baxe-Nafarroatik: Nahia Etcheverry; Bizkaitik Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga; Gipuzkoatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga; Lapurditik Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua; Nafarroatik Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga. Ainhoa Larretxea aritu da aurkezle eta gai-jartzaile; epaile lanak, berriz, Ainhoa Arregi, Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltzak egin dituzte. 

Hasierako agurrak kantatu ondoren, finalaren lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu dira bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu dira bigarren zatira: Haira Aizpurua, Kattin Madariaga, Nahia Etcheverry, Unax Aizpurua, June Aiestaran, Joanes Azpillaga. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kanatu behar izan diote sei horiek. 

Azkenean, Haira Aizpuruak lortu du 2024ko Euskal herriko Eskolarteko txapela, eta Nahia Etcheverry izan da txapeldunorde. Jose Luis Sukiak jantzi dio txapela txapeldunari; txapeldunordeari, adiz, Bertsozale Elkarteko Ainhoa Urienek eman dio saria. Beste parte hartzaile guztientzako ere izan dira oroigarriak. 

Egun bakarra baino gehiago izaten da Eskolartekoa. Urte hasieratik ekainera bitarteko bidea izaten da. Ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan.  Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Arantzako Udalaren laguntza ere izan du egitasmoak.

14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak, adibidez.

Haira eta Jose Luis Sukia

Eskolartekoa 2024 Nahia Etcheverry-Ainhoa Urien

Taldeko argazkia

Haira Aizpurua eta June Aiestaran

Haira Aizpuruak hirugarrenez jantzi du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapela.