Haira Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa

2023/06/03
Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi dio txapela bertsolari lapurtarrari. 180 lagun bildu dira Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian, saioa bertatik bertara jarraitzeko. Hamar bertsolari aritu dira guztira kantuan, lurraldeetako ordezkari. Eki Mateorena izan da txapeldunorde.

Iurretako frontoian jokatu da 35. Euskal Herriko Eskolartekoa, 180 lagun ingururen aurrean. Bertan aritu dira kantuan hamar bertsolari, lurralde ezberdinetako ordezkari. Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi aritu dira; Bizkaitik Haizea Telleria eta Ixone Asategi; Gipuzoatik, June Aiestaran eta Danel Etxeberria; Lapurditik, Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona; eta Nafarroatik, Kattin Madariaga eta Eki Mateorena. Igor Meñika aritu da aurkezle lanetan, eta Beñat Vidal gai-jartzaile. Epaile lanak, berriz, Beñat Romerok, Aitor Jimenezek, Nerea Bruñok, Lur Renteriak eta Oihana Arangurenek egin dituzte.

Hasierako agurren ostean, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu dira bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu dira bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan diote sei horiek. Azkenean, Haira Aizpuruak lortu du 2023ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela, bigarrenez (2021ean ere jantzi zuen), eta Eki Mateorena izan da txapeldunorde. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi dio txapela txapeldunari; txapeldunordeari, aldiz, Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko Xabi Igoak eman dio saria. Beste parte hartzaile guztientzako ere izan dira oroigarriak.

Bide baten azken puntua

Urte hasieran abiatu zen 35. Eskolartekoa, eta ekainera bitarte lurraldeetan egin du bidea; denera, ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du egitasmoak.

14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak, adibidez.

 

Haira Aizpurua Ibargarai, txapela buruan, azken agurra kantatzen. (XDZ)