Hainbat berrikuntzarekin dator Bertso Eguna
Urtarrilaren 30ean ospatuko da Donostian Bertso Egunaren 47.edizioa. Pasa den asteetan iragarri moduan goizez, arratsaldez zein gauez izango dira ekitaldiak eta orotara, 28 bertsolari ariko dira kantuan. Nobedadeak ere badakartza aurtengo Bertso Egunak: goizeko ekitaldia bertso-saio musikatua izango da eta gaueko afaria eta festa Kursaalen izango dira berriro, lehenago egiten zen moduan.
Goizeko ekitaldia eguerdian hasiko da, 12:00etan. Oraingoan ez da kalean egingo eta, horren ordez, oholtza gaineko saio berezia gauzatuko da Kursaal pareko Picachilla garagardotegian. Saio musikatua izango da: Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza ariko dira kantuan bat-batekoan, eta Rosi Lazkanok eta Nerea Elustondok bertso jarriak eskainiko dituzte. Emanaldia Estitxu Eizagirrek aurkeztuko du, eta saioan zehar klima aldaketak eragiteaz arduratuko dira Idurre Eskisabel eta Eñaut Asurabarrena, gitarraz musikatutako testuen bidez. Azken hauek Arkaitz Goikoetxea, eta Ainhoa Agirreazaldegiren laguntza izan dute gidoia eta gaiak lantzeko.
18:00etan hasiko da Kursaalean Bertso Eguneko ekitaldi nagusia. 10 bertsolari izango dira kantuan: Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu. Odei Barroso bertsolariaren 2zio taldea ere zuzenean ariko da. Bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak dira aurtengo ekitaldiaren helduleku. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Eneko Lazkoz eta Urko Casado aritu dira ideia landu eta gaiak prestatzen.
Saio nagusiaren ostean afaria eta festa izango dira. Aurreko asteetan aurreratu moduan, bi urteren ostean berriro ere Kursaal aretora itzuliko dira biak. Emanaldi mamitsua izango da afalostean, eta 12 bertsolari izango dira kantuan: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa. Bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dira, eta horietako batzuk musikatuak izango dira.
Goizeko ekitaldira joateko ez da sarrerarik behar, eta ekitaldi nagusirako zein ekitaldi nagusirako eta afarirako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Donostia Kulturak Kutxaren, Gipuzkoako Sagardogile Elkartearen eta EITBren laguntza izan dute antolaketa lanetan. Hainbat hedabide ere laguntzaileen artean daude: Argia, Berria, Deia, Diario Vasco, Euskadi Irratia, Gaztezulo aldizkaria, Hamaika Telebista, Hala Bedi Irratia, Noticias de Gipuzkoa, Tolosaldeko Ataria eta Xorroxin Irratia.