Gorputzak oholtzan duen eraginaz, igandeko Hitzetik Hortzeran
Bertsolariak ez dira garuna bakarrik. Ikusi eta definitu daitezkeen gorputzak igotzen dira oholtzara: emakumeak, gizonak, transak, lodiak, argalak, burusoilak, iletsuak, zuriak... Askotan aipatzen diren ezaugarriak dira batzuk; inork aipatzen ez dituenak beste batzuk. Buruaz harago guztiak du zeresana, eta horretaz aritzeko jo du Hitzetik Hortzerak Onintza Enbeita eta Sustrai Colina bertsolariengana.
Bertsolaritza definitzerako garaian, hain garrantzitsua den gorputzak duen eraginaz galdetu diegu Onintza Enbeitari eta Sustrai Colinari. Nola baldintzatu ote du gorputzak haien bertso jarduna? Gorputzari buruz kantatzea askatzailea edo zapaltzailea izan daitekeen ere galdetu diegu, eta baita zer kantatzen dugun eta zer isildu.
Beasainen, Errenterian, Gasteizen, Gernikan, Iurretan eta Zaldibarren
Igande honetan, bertso sortez gozatzeko musika, bertsoa eta ilustrazioa uztartuko ditugu. Rosi Lazkanoren Hanka puntetan bertso sorta kantatuko du Maddalen Arzallusek; bertsoak musikatzeko ardura izango dute Araitz Bizkaik eta Gari Otamendik; eta bertsoak ilustratzeko ardura, aldiz, Txakur Gorriako Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok hartuko dute.
Bestalde, Euskal Herriko hainbat txokotan izan diren bertsoaldiak ekarriko ditugu pantailara: Beasainen, Errenterian, Gasteizen, Gernikan, Iurretan eta Zaldibarren izango da Hitzetik Hortzera.
Igandero, 15:00etan, ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieranen.