"Gorputzak Esango Luke", asteartean, Gasteizen

2021/05/14
Gerturatu Eta Lau ekimenaren baitako hurrengo hitzordua bertsoaren testuari eta gorputzari buruzkoa izango da. Oraindik ere tokia gorde daiteke atari honetan bertan topatuko duzun izen-emate orria beteta, dohainik.

Bete-betean gerturatu, eta lautik bira pasa dira. Gerturatu Eta Lau ekimenaren bi saio eginda, beste bi baino ez dira geratzen.

Bertso saio bat baloratzen dugunean, testua baloratzeko joera izaten dugu. Bertsoa ez da testu soila, ordea. Bertsoa testu hori botatzen duen ahotsa da, ahots hori proiektatzen duen gorputza, gorputz horri eragiten dioten oholtza gaineko (bertsolaria eta gai-jartzailea) eta oholtzapeko (entzuleak) gorputzak. Harreman-sare bihurri hori ere bada bertsoa. Elementu horiekin jolas egiteko proposamena da Gorputzak Esango Luke saioa, bertsoaren testuari eta gorputzari buruz aritzekoa.

Hilaren 18an izango da saioa, asteartean; Gasteizko Baratze aretoan ariko dira, 18:30etik aurrera, Ane Labaka, Aner Peritz eta Nerea Ibarzabal.

Sarrera doakoa da, baina aurretik izena eman behar da. Tokia gordetzeko garaiz zabiltza; eman izena hemen.