Glosadoreak batu dira UPV/EHUn egindako saiora

2016/04/19
Hirugarren saioa izan da Donostian, Ibaetako Ignacio Maria Barriola zentroan.

Herrialde Katalanetako Mireia Mena eta Ferriol Macip glosadoreak eta Marcel Marimon musikaria igo dira gaurkoan  Europa bat-bateanen oholtzara, jatorri bereko corrandistei erreleboa hartuz. UPV/EHUren Donostiako kanpusean izan da hori, Ignacio Maria Barriola zentroan egin den saioan, udaberriko birako hirugarrena.

Glosadoreen, cantadorien, dengbêjaren eta bertsolarien emanaldia Barriola eraikinaren atarian hasi da 18:30ean eta handik, segidan, hurbildutako ikus-entzuleak auditoriora bideratu dira. Haritz Casabalek gidatu du saioa eta beste behin saioa euskaraz jarraitu ahal izan da Renato Capocchia, Maddalen Arzallus eta Irati Majuelo itzultzaileen lanari esker.

Ordezkaritza bakoitzak berea erakutsi du, bakarka zein besteekin gurutzatuz, Paola Dentoni cantadoriak eta Oihana Bartra bertsolariak eskainitako saioa edota Ferriol Macip glosadoreak eta Sustrai Colina bertsolariak, kasu; Macipek, gainera, bertsolariaren doinu bera hartu du catalanes inprobisatzeko. Mutetu longu ariketa berria ere aurkeztu du Simone Monni cantadoriak; aurrez, ariketaren konplexutasuna ulertarazteko azalpena emanaz.

Bihar, Iruñeko Zentral aretoan

19:00etan izango da Europa bat-bateanen laugarren hitzordua, bihar, Iruñeko Zentralen. Bertsolariak, cantadoriak, dengbêja eta glosadoreak izango dira kantuan.

Glosadoreak batu dira gaurko ikuskizunera. Iturria: XDZ