Giro bikaina, Eskolarteko finalean

2015/06/27
Paul Iruretagoiena Rezola ataundarrak eraman du txapela; Azkaineko Aitor Servier Etxexuri izan da txapeldunorde.

Ikusle ugari hurbildu da Orioko pilotalekura XXVII. Eskolarteko finalean parte hartu dutenen jarduna ikusi eta bertsolaritzaz gozatzera. Euskal Herri osoko bederatzi ordezkari bildu ditu Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finalak; Paul Iruretagoiena Rezola ataundarrak (Gipuzkoa) eraman du txapela eta Azkaineko (Lapurdi) Aitor Servier Etxexuri izan da txapeldunorde.

Goizeko 11ak pasatxo hasi da XXVII. Eskolarteko finaleko saioa. Aurkezle lanak egin dituen Maialen Lujanbio Zugastik eman die sarrera bertsolariei, zozketak agindutako ordenean: Txaber Altube Sarrionandia, Lurdes Ondaro Mallea, Aitor Servier Etxexuri, Peru Abarrategi Sarrionaindia, Nahia Sasco Etxeberri, Paul Iruretagoiena Rezola, Peru Amorrortu Barrenetxea, Manex Mailharin Ortigosa eta Iñigo Ibañez Aramendi. Lehendabizi Orion bertsolaritza lantzen duten Sara Mujika eta Olatz Aizpurua ikasleek bertso bana bota dute, parte-hartzaileei eta ikusleei herrira ongietorria emanez.

Agurrekin hasita, bertsolariek egin beharreko lanei ekin diete: 8ko handian zein txikian bina bertso binaka, gehienez bost puntuko neurrian bertso bana bakarkakoan eta azkenik agurrarekin amaituz. Gipuzkoako gai-jartzaile taldeko partaideek jarri dituzte finaleko gaiak: Asier Iriondo, Aitor Alkorta, Iban Narbaiza, Iker Iriarte, Imanol Artola, Inaxio Usarralde, Ion Zaldua, Irati Agirreazaldegi, Itziar Etxezarreta eta Saroi Jauregi gai-jartzaileek.

Josune Arakistain eta Julene Otaegi trikitilari bikoteak girotu du Orioko pilotalekua epaileek euren erabakia hartu bitartean. Epaile taldea herrialde bakoitzeko kide banak osatu dute: Nerea Bruño (Nafarroa), Iban Thicoipe (Lapurdi), Aitor Jimenez (Araba), Leire Etxebarria (Bizkaia) eta Ainhoa Mujika (Gipuzkoa) epaileek.

Sariak banatu dituzte Ikastolen Elkarteko Koldo Tellitua Mejia lehendakariak, Bertsozale Elkarteko Iñaki Murua Jauregi lehendakariak, Orioko Jose Angel Zaldua Iparragirre alkateak, Orioko ikastolako Zigor Saizar Ucin zuzendariak eta Miren Artetxe Sarasola, Itxaso Paia Ruiz eta Maddalen Arzallus Antia bertsolariek. Finalean jardun duten bertsolari guztiek jaso dute sari Gabonetako oporraldietan egingo den Negulekuan egonaldia.

Bertsolariek euren agurrak botata, Aitor Servier Etxexuri txapeldunordeak bere saria hartu du Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko kidea den Gregorio Zuaznabar Urkolaren eskutik. Azkenik, Sustrai Colina Acordarrementeriak Paul Iruretagoiena Rezolari jarri dio txapela eta honek aitonarekiko

Azken saio honekin amaitu du aurtengo Eskolartekoak bere ibilbidea. 15-18 urte bitarteko 112 gaztetxo aritu dira guztira bertsotan, herrialdeetan izan diren 11 kanporaketa saioetan. Eskolarteko txapelketaren helburuak, sorreratik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.

Finalari buruzko informazio osoa www.bertsozale.eus eta www.ikastola.net atarietan argitaratuko da. Bat-bateko finala ikusgai izango da www.bertsoa.eus webgunean.

Arratsaldean ere, bertsoak eta musika

Saioa amaitu arren, festak jarraipena izango du arratsaldean ere. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean, bertako produktu ekologikoak oinarri dituen bazkaria eskainiko da Orioko plazan. Bazkalostean, Maialen Lujanbio Zugasti eta Sustrai Colina Acordarrementeria bertsotan ariko dira, eta 15:00etan Keshala taldeak musika erantsiko dio Orioko plazari. Bi Bala laukoak hartuko dio lekukoa jarraian.

Antolatzaile eta laguntzaileak

Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker. Bere laguntza eskaini dute Orioko Udalak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Sailak.

 

Orioko pilotalekuan jokatu da finala