Gipuzkoako Herriartekoaren aurkezpenean izan zen Bertsoa

2017/01/30
Bestalde, Legution zein Baionan bildutako bertsoaldiak zintzilikatuko ditu aste honetan sareko plazak.

Pasa den larunbatean, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen batzarraren ondotik, aurkeztu zen Azpeitian Gipuzkoako Herriartekoa. 38 taldek hartuko dute parte, maiatzaren amaierara arte luzatuko den txapelketan. Han izan zen Bertsoa, eta Gipuzkoako elkarteko lehendakari den Saroi Jauregirekin eta ekimenean parte hartuko duten Gemma Urteaga eta Jokin Uranga bertsolariekin aritu zen solasean. Elkarrizketok ikusgai izango dira bihar. Hain zuzen, ostiralean Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin berreskuratuko den bertsoaldia 1999ko Gipuzkoako Herriartekoari loturikoa izango da.

Bestalde, Legution eta Baionan bildutako bertsoaldiak jarriko ditu Bertsoak eskuragai datozen bi egunotan. Azken saio hau, Baionakoa, Herri Urratsen aldeko BECtso saioa izanik, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariarekin hitz egiteko baliatu zuten Bertsoako kideek.

Arabako Bertsolari Txapelketaren lehen saioa, Hitzetik Hortzerako hurrengo atala eta beste hainbat kontu ere izango ditu hizpide Bertsoak, sareko plazak.

 

 

 

Legutioko bertsoaldiak, jada sarean.