Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari buruzkoak, Bertsoa.eus atarian

2019/07/16
Plazaz plaza jasotako bertsoaldiak ere entzungai eta ikusgai izango dira: Lesakako eta Alegiako saioak, zehazki.

Udaberriko Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseak zehaztu du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan kantuan ariko diren bertsolarien zerrenda. Uda ostean hasiko den txapelketa gaur aurkeztuko da Asteasun, eta han izango da Bertsoa.eus ere; protagonisten hitzak jasoko ditu.

Bestalde, udako agenda besapean, plazaz plaza dabil Bertsoa.eus: Lesakako sanferminetan eta Alegiako karmenetan izandako bertso saioak jarriko dira eskura. Lehenean, Andoni Egaña, Joanes Illarregi, Julio Soto, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan, Josu Sanjurjo gai jartzaile lanetan zela. Imanol Artola Felixek jarri zituen gaiak, berriz, Alegiakoan: Andoni Egaña, Eli Pagola, Imanol Irazustabarrena, Maddalen Arzallus eta Maialen Lujanbio aritu ziren erantzuten.

Beste hamaika kontu ere izango dira bertsolaritzaren sareko plazan.

 

Lesakako saioa, ikusgai eta entzungai Bertsoa.eus atarian.