Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko azken bertso sorta, Bertsoan

2015/06/09
Iragan larunbatean Igorren eta Hazparnen burututako Eskolarteko finaletako bertsoaldiak ere bildu ditu sareko plazak

Iragan asteburuan hainbat bertsoaldi bildu zituen Bertsoak, sareko plazak. Bi txapelketaren inflexio puntua izan zen larunbatekoa. Batetik, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseari amaiera eman zitzaion eta honenbestez, zehaztuta geratu dira udazkenean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan arituko diren 30 lagunak, aurrez sailkatutako beste 13 bertsolariekin batera. Ataungo saioan lortutako emaitzen eta behin betiko sailkapenaren berri eman zuen Bertsoak astea hasi bezain pronto eta azken saio horretako bertsoaldi onenak ere zintzilikatuko ditu bihar.

Bestetik, herrialdeetan burutzen ari ziren Eskolarteko txapelketak ere amaitu dira. Igorren eta Hazparnen egin ziren Bizkaiko eta Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko azken saioak, eta hala, Euskal Herri mailako egun handia geratzen da. Bi herrialdeetan gertatutakoak jasotzeaz gain, ekainaren 27an Orion izango den final horren inguruko xehetasunak emango ditu Bertsoak gaur bertan. Gaur eta bihar, berriz, Igorreko eta Hazparneko saioetan botatako bertsoaldi onenak argitaratuko ditu, hurrenez hurren.

Plazatik Gaztetxera ere iritsi da azken geltokira. Larunbat honetan izango da finala Markina-Xemeinen eta han izango da Bertsoa. Aurrez, ostegunean, final horren inguruan jakin beharreko guztia helaraziko du.

Astea biribiltzeko, eta asteburuan San Antonioko festen aitzakian Ereñotzun egingo den bertso saioari keinu eginez, urteetan atzera egin eta egun horren inguruan egokitutako bertso-saioa berreskuratuko du sareko plazak. 

Bertsoa, sareko plaza