Gerturatu Eta Lau: hurrengoa, Bilbon
Kantaera oinarri zuen saioarekin hasi genuen atzo Gerturatu Eta Lau ekimena; 60 bat lagun elkartu ziren Donostiako Larratxo Kultur Etxean. Gogoz geratu bazinen edo errepikatzeko asmoz, beste hiru hitzordu izango dituzu hilabete honetan bertan.
Maiatzaren 11n izango da hurrengoa, Bilbon. Eneko Lazkoz, Jone Uria, Maider Arregi eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan, 18:30ean hasita, Bilborock aretoan. Gure Esku Legoke saioan entzuleen erabakimena izango da haria: zenbat erabaki hartu behar dira saio batean? Ohiko saioetan nork erabakitzen du zer? Zer erabaki behar du gai-jartzaileak? Zer bertsolariek? Zer erabaki dezake entzuleak? Saio honetan, saio arruntetan gai-jartzailearen esku egoten diren hainbat erabaki hartu beharko ditu publikoak.
Sarrera doakoa da, baina izena eman behar da aurretik hemen sartuta.