Gernika-Lumon, Iruñean eta Altzon izan da Eskolatik Plazara

2021/02/16
Hiru saiotan aritu dira kantuan Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten bertsolari gazteak, plazan ohikoak diren bertsolariekin batera.

Aitor Ugarte, Aner Peritz, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate eta Naia Arrizabalaga dira iaz Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten bertsolariak. Hura ezin eginda, ordea, bestelako plaza eskaini zaie bertsolari gazte hauei; plazan ohiko diren bertsolariekin elkartzeko proposamena ondu dugu Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak, Eskolatik Plazara. Hiru hitzorduk osatu dute, eta pasa berri diren hiru ostiraletan gauzatu dira: urtarrilaren 29an Gernika-Lumon, otsailaren 5ean Iruñean eta otsailaren 12an Altzon.

Zaleek bertso hitzordu politaz gozatzeko aukera izan dute beraien herrietan eta bertsolari gazteek jendaurrean aritzeko aukera izan dute; belaunaldi ezberdineko bertsolariak elkartu dira, gainera, saiootan.

Ea laster, Eskolarteko saguzarraren moduan, oinak buruan aritzeko aukera daukagun!

Eskolatik Plazara ekimenaren argazkiak, hemen.

Altzon egin zen azkena pasa den ostiralean. / XDZ