Gazte eta hizkuntza identitatea gozamenetik eraikitzen

2020/03/06
"Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak" izeneko lanarekin doktoretza eskuratu du Miren Artetxek. Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako behaketa lanarekin osatu du gazteen hizkuntza ibilbideei buruzko bere ikerlana.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek zein Mikel Laboa Katedrak elkarrekin esleitutako lehen ikerketa kontratuaren emaitza da Miren Artetxek egindako lana. Berriki aurkeztu du adituen epaimahaiaren aurrean Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak tesia, eta doktoretza lortu.

Izenburuak berak zehazten duen moduan, Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbidea aztertu eta bertso-eskoletan garatu dituzten praktikak eta diskurtsoak behatu ditu. Hiztun berriei ere jarri die arreta ikerlanak.

"Ahaleginarekin baino, gozamenarekin lotzen duten jarduera eta harreman batzuen jiran, gazte identitatea eta hizkuntza identitatea talde eta norbanako gisa eraikitzeko parada eskaintzen die bertso-eskolek", Artetxeren aburuz. Hitza hartzea, lotsa galtzea, iritzia eraikitzea,… horiek guztiak eta gehiago partekatzen dituzte taldean: "Haiek aukeratuta eraikitzen ari diren gazte identitatearen ezaugarriak dira. Hori guztia euskaraz".

Informazio gehiago, www.mintzola.eus atarian. Zorionak, Miren!

Miren Artetxek tesia egin artean eskainitako hitzaldietako batean, 2016an. / XDZ