Gayarre Antzokirako sarrera gehiago daude eskuragai
150 sarrera gehiago jarri dira Gayarre Antzokian salgai bihar izango den Bertso Egunerako. Nafarroako Gobernuak toki kopurua handitzeko baimena eman berri dio emanaldiari, eta, beraz, Bertso Eguna antzokian bertan jarraitu nahi duenak sarrerak eskuratzeko aukera du berriro: Gayarreko leihatilan eta www.teatrogayarre.com webgunean izango dira - zehazki, hemen -. Lehenago amaitzen ez badira, bihar ere izango dira eskuragai. Bertsozale Elkarteko bazkideok deskontua duzue sarreran.
Bestalde, online ikusteko sarrerak ere badaude: www.bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu ahal izango dira horiek.
2021eko lehen Bertso Eguna
18:00etan hasiko da Bertso Eguna Iruñeko Gayarre Antzokian. Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak eta Ainhoa Larretxea gai-jartzailea elkartuko dira oholtzan. Ez dira protagonista bakarrak izango, Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere hartuko baitute parte emanaldian.
"Errealitateei beste ikuspuntu edo perspektiba batzuetatik kantatuko diegu. Abiapuntuak egiten baitu gaia, kantatzeko hautatu dugun lekuak aldatzen baititu esanahiak, kolektiboan aritzeak aldatzen baitu bakarka marraztu dugun errealitatea" aurreratu du aurrelanean aritu den Saioa Alkaizak.
2021eko lehen Bertso Eguna izango da, martxoan eta maiatzean ere izango baitira, Getarian eta Hazparnen; emanaldiotarako sarrerak ere jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Plaza biziberritzeko ekimen hauek babesten eta laguntzen dituzte Laboral Kutxak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Gainera, Iruñeko Udalak laguntzen du biharko Bertso Eguna.
Saioaren inguruko informazioa, hemen.