Gaur ireki da berriro Bertso Udalekuetarako izen-ematea

2022/03/24
Amaiurko txanda bete da lehen izen-emate epean, eta beraz, gainerako beste lau txandak izango dira aukeran bigarren honetan: Irañetan eta Larraulen bana, eta bi Zuhatzan.

Pasa berri den astelehenera arte, Bertso Udalekuetan izena emateko lehentasuna izan dute bertso-eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek. Gaur hasi eta apirilaren 7ra arte berriro irekiko da izen-ematea, eta bigarren izen-emate honetan ez da ezinbestekoa izango baldintza horiek betetzea.

Bost txanda izan dira aukeran orain arte, baina helduenen txanda betea da dagoeneko: 16 eta 18 urte bitartekoentzat Amaiurren antolatutakoa, alegia. Hala, lau txanda izango dira aukeran aurrerantzean: Irañetakoa uztailaren 16tik 22ra, 12 eta 13 urte bitartekoentzat; Larraulgoa uztailaren 25etik 31ra, 14 eta 15 urte bitartekoentzat; eta Zuhatzako bi txanda, uztailaren 23tik 27ra eta 27tik 31ra, 9 eta 11 urte bitartekoentzat.

Gaur 10:00etan hasi da izen-ematea eta apirilaren 7an 12:00tan amaituko da. Gorde tokia uda bertsotan pasatzeko!

Eman izena hemen!

Bi txanda egingo dira Zuhatzan. / XDZ