Gaur aurkeztu dugu Bertso Korrika ekimena

2013/03/01
Korrikarekin batera joango den bertso zirkuitua aurkeztu dugu gaur Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertso-eskolek, AEK-k eta Bertsozale Elkarteak antolatu dugu elkarlanean. Ekimena aurkezten Edurne Brouard (AEK-ko Korrika Arduraduna), Iñaki Murua (Bertsozale Elkarteko Lehendakaria) eta Beñat Vidal (Algortako Bertsolari Eskolako kide, AEK-ko Mintzapraktika egitasmoko arduradun eta Bertsozale Elkarteko kide dena) izan dira.

Bertso Korrika, Korrikarekin batera joango den bertso zirkuitua da, nagusiki ostatuetan egingo dena. Bertso-eskolek, AEK-k eta Bertsozale Elkarteak antolatu dugu elkarlanean.

Euskara ikasleen neurrira egindako saioak izango dira, Bertso Korrikarekin bertsolaritzara hurbildu nahi baitira euskara ikasleak. Haietako askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da. Horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler dezaten. Alabaina, bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita.

Bertso saioaren aurretik, euskaltegian aurre lanketa egingo da, gai jartzailearen eskutik. Horretarako, bertso saioko gai-jartzailea etorriko da klasera, eta saioaren berri emango die: bertsolariak aurkeztuz, saioan egingo dituzten ariketa motak azalduz, eta bertso baten sorkuntza prozesua zein den azalduz. Ondoren, euskara ikasleek gai-jartzailearen laguntzaz saiorako ariketa edo gai batzuk prestatuko dituzte.

Bertso Korrika zirkuituak 25 herri hauek lotuko ditu:

GIPUZKOA: Donostia, Larraul, Andoain, Lazkao, Arrasate, Lasarte.

ARABA: Kanpezu, Agurain, Gasteiz, Laudio.

BIZKAIA: Durango, Zornotza, Derio, Bilbo, Barakaldo, Algorta, Erromo, Markina.

NAFARROA: Astiz, Iruñea, Lizarra, Elizondo.

LAPURDI: Azkaine, Itsasu, Hendaia.

Guztira 25 bertso-eskolak hartu dute euren herrian saioa antolatzeko ardura; bertan 100 bertsolarik jardungo dute, plazaz plaza asko ibili ohi direnek eta gutxiago aritzen direnek bat eginaz saioan. Eta 20 gai-jartzaile arduratuko dira euskaltegian klase didaktikoak emateaz eta bertso saioan gai-jartzaile lanak egiteaz.

Bertso zirkuitu honek hainbat helburu ditu: herrian Korrika girotzea, euskara ikasten ari direnek bertso saio bat entzutea (batzuentzat lehen aldia izango da) eta gustura sentitzea (bertsolaritzara hurbiltzea), herriko bertsolariei eta bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea, kalean (ostatuan) euskaraz elkartzea herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak eta herriko bertso-eskolaren eta euskaltegiaren artean harremanak egitea.

Saioen antolatzaileak tokiko bertso-eskola eta euskaltegiak dira. Zirkuitua Bertsozale Elkarteak eta AEK-k elkarlanean bideratu eta koordinatu dute, eta bereziki aipatzekoa da ideia mamitzerakoan eta prozesuan zehar ere Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko bertso-eskolako irakasleak, Ainhoa Aranburuk, egin duen ekarpena. Iruñean, Bertso Korrikako saioa, Hizkuntza Eskola Ofizialaren 8. Euskal Kultur Astearen baitan antolatuko da.

Edurne Brouard, Iñaki Murua eta Beñat Vidal