Galderak azaleratzeko eguna

2014/01/27
Egun osoko jaia izan genuen bertsozaleok larunbatean Donostian. Eguraldiak askorik lagundu ez arren, goizean goizetik bertsozale andana gerturatu zen jaiaz gozatzera. Aurtengoan generoa izan da gai zentrala, eta erantzunak baino galderak azaleratzen ahalegindu gara.

Urtero bezala, bertso-poteo batekin hasi zen jaia, eguerdiz. Iratxe Ibarra, Amaia Agirre, Erika Lagoma, Miren Artetxe, Ane Labaka, Amaia Iturriotz, Maddi Sarasua, Ane Zuazubiskar, Izar Mendiguren eta Itxaso Paia aritu ziren kalez kale kantuan eta, megafonoarekin arazoren bat tarteko, azkenean entzutera joan zirenen batzuk ere animatu ziren bertsolariekin batera kantatzera. Eta Ondarruko eta Donostiako Andrabanda batuka taldeek lagundu zuten giroa berotzen.

Kursaala beteta arratsaldeko ekitaldirako sarrerak saioa hasi baino lehenago agortu ziren. Ikusmina bazegoen saioa jarraitzeko. Iraia Eliasek gidatuta, hamabi bertsolari atera ziren oholtzara kantura: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Elustondo, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga.

Artista gonbidatuak ere izan zituzten ondoan: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreak, Judith Montero saxoa, Maddi Oihenart kantaria eta "Allarte" oihan eta dantza taldea.

Gurputzaz, identitateaz, aitatasunaz, emakumeek oholtzan lekua hartzeaz, lehiaz, historian emakumeei ukatutako protagonismoaz... Gai askotaz aritu ziren kantuan. Bukaerako agurretan, publikoan eseritako bertsolariak ere animatu ziren kantura.

Saioko bertsoaldi onenak Bertsoa.com-en dira ikugai.

Aurten afaria Manteo kiroldegira eraman da, eta goraino bete zen. "Iparra-Hegoa"-k prestatutako afaria dastatzera ehunka bertsozale gerturatu ziren eta inguruan jarritako kupelen artean ere giro ederrean aritu ziren. Behin afaria bukatuta, bertso-musikatuak eta sorpresak izan ziren. Hiru saio musikaturen ondoren, "Nesketxak" eskaini zituzten: bideo-pieza umoretsuak, generoaren gaia lantzen zutenak. Honako bertsolari eta artista hauek parte hartu zuten gaueko ekitaldian: Miren Artetxe, Estitxu Eizagirre, Idoia Etxeberria, Onintza Garcia, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Hodei Unzueta, Leire Amenabar, Aitor Bizkarra, Joritz Bastarrika, Arrate Gaztelu, Oihana Makazaga, Uxue Larrukert, Aitor Servier, Asier Galarza, Maialen Akizu, Eli Pagola, Kattalin Barcena, "Lorratzak" taldea.  Behin saioak bukatuta, barra zabaldu zen eta "Laket" taldeak girotuta goizeko ordu txikiak arte luzatu zen festa.

Bertsoez gain irudi ederrak utzi dizkigu Bertso Egunak. Gari Garaialdek ateratako bilduma hemen duzue ikusgai.

Iraia Elias aktorea eta Onintza Enbeita, Rosi Lazkano eta Saioa Alkaiza bertsolariak