Gaiz eta jendez oparo joan da VII. Bertsolamintza
Aurtengo Bertsolamintzak, zazpigarren edizioak, itxi ditu ateak. Larunbatean izan zen Villabonako saioa: aurreko lau saioetako hizlari guztiak batu ziren Bertsozale Elkartearen Villabonako egoitzan. Areto bete jende bertaratu zen hizlariak entzutera. Goizean goiz hasi eta eguerdira arte, aurtengo edizioko egitarau osoa errepasatu zuten hizlariek, gogoetarako eta galderetarako tartea ere utzita. Askotariko gaiak eta jendea bildu zen bertan, eta iritzi trukerako aukera eskertu dute antolatzaileek.
Eli Pagolak eman zion ongi etorria Villabonako jardunaldiari, Bertsolamintzako batzordekide den heinean. Bere ongi etorri hitzen erreleboa Aner Peritz Manterola Euzkitzek hartu zien, bera aritu baitzen goizaren lehen zatiko hizlariak aurkezten. Horrela, bada, Ainhoa Urienek eta Maialen Akizuk eman zuten lehen hitzaldia, Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? izeburupean. Euren ostean, Jexux Mari Irazuren txanda izan zen, Libreko bertsogintza. Kokapena, aukerak eta mugak. hitzaldiarekin.
Eguneko argazki galeria ikusteko, egin klik hemen.
Gai bati buruz kantatzeko zilegitasunaz aritu zen Maider Arregi. Eta bere ostetik etorri ziren Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran, egoera sozio-politikoari kantatzen zaion edo ez hausnartzeko. Bi horien hitzaldia izan zen goizaren lehen parteko azkena. Iritzi trukerako pausaren ondoren, Ainhoa Agirrezaldegi aurkezle zutela, Julio Soto eta Imanol Artolak hartu zuten hitza, gai-jartzaile autoreaz berba egiteko. Ostetik heldu ziren Oihana Arana Bertsolaritza ideologikoki lerraturik dago? hitzaldiarekin eta Onintza Enbeita Botere harremanak. Bertsolariaren itzalaren eta generoaren eragina bertsoaren balioespenean. hitzaldiarekin.
Mahai inguru batek itxi zuen goizeko egitaraua. Bertan Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea aritu ziren, bertso-eskolez: zehazki, bertso-eskoletan gaien eta ideologiaren lanketarik ba ote dagoen jorratu zuten. Beñat Gaztelumendik eman zion agurra aurtengo edizioari, berau ixteko hitzartzean.
Hitzaldien txanda amaituta, bazkaria zain zuten hizlari zein entzuleek, Villabonako Behar Zana elkartean. Eta hori bukatuta, Sustrai Colina eta Miren Artxetxeren bertso daioa, Eli Pagola gai-jartzaile zutela. Tartean izan zen Korrika ere.