Gai-jartzaile Eskola bertso saioarekin amaituko da Amasa-Villabonan

2015/04/27
Gai-jartzaile Eskolako ikasleek gaiak jarrita, Villabonako Gurea aretoan kantuan izango dira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Igor Elortza.

Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabona aukeratu du urteko proiektu bati amaiera emateko. Bederatzi hilabeteko ikastaroan landutakoa praktikan jartzeko Gai-jartzaile Eskolako ikasleek jarriko dizkie gaiak bertsolari seikoteari. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Igor Elortza arituko dira kantuan maiatzaren 9an Amasa-Villabonako Gurea aretoan, 22:30ean.

Sarrerak 5 eurotan jarri ditu salgai  Bertsozale Elkarteak. Amasa-Villabonan Subijana etxean (Bertsozale Elkartearen egoitzan), RK tabernan eta Amasa kafetegian eskura daitezke sarrerak. Anoetan Itzuli tabernan eta Tolosan Orbela tabernan. Sarrerarik geldituko balitz egunean bertan saioa baino ordubete lehenago zabalduko da aretoko leihatila.    

Gai-jartzaile eskolaz bi hitz

Pasa den urrian jarri zuen martxan Bertsozale Elkarteak Gai-jartzaile Eskola. Helburua bertsolari eta gai-jartzaileen arteko harremana indartu eta gai-jartzaile lanaz gogoeta egitea izan da. Bertso saioan parte hartu duten bertsolari ia guztiak hizlari izan dira urritik maiatzera.

Amasa-Villabonan, Anoetan eta Tolosan daude sarrerak salgai.