Gai-jartzaile Eskola abiatuko da urrian
2014/06/06
Ekainean amaituko dute behin-behineko diseinua, iraila bitartean izen-emateko aukera izango da eta urrian abiatuko da Gai-jartzaile Eskola. Josu Goikoetxea izango da zuzendaria eta datorren ikasturtean hilero bilduko da taldea. Hitzaldi tematikoak eta ariketak tartekatuko dira. Izen-ematea ekainean ireki eta irailean itxiko da.
Hiru helburu nagusi ditu Gai-jartzaile Eskolak: gai-jartzaile lana eta ofizioa prestigiatzea, gai-jartzaileak trebatzea eta gaien inguruko gogoeta bideratzea. Plazan jarriko du begiratua eta horretarako beharrezko ikusten du Bertsozale Elkarteak bertsolari eta gai-jartzaileen topalekua osatzea.
Josu Goikoetxea gai-jartzailearen esanetara bertsolari askok parte hartuko dute egitasmoan. Sustrai Colina Sustapen saileko arduradunak azaldu digu Josu Goikoren hautaketaren arrazoia: “Urtetako ibilbide eta eskarmentua du, gai-jartzaile ofizioa ezagutu eta bizi du, eta bertsolari zein bertsozaleen onarpen handia du”. Gernikarrak onartu du proposamena eta Sustapen taldeko kideekin batera ari da lanean egitaraua osatzen.
Bederatzi eskola
Urritik maiatzera bederatzi eskola egun izango ditu Gai-jartzaile Eskolak. Saioak hileko lehen larunbat goizetan izango dira salbuespenak salbuespen, gehienak Amasa-Villabonan. Senperen, Iruñean, Gasteizen eta Durangon ere izango da saio bana.
Teoria eta praktika saioak tartekatuko dira: aurrez lotutako emaileek hitzaldiak eskainiko dituzte eta ondoren eztabaida foroak, tailerrak, ariketa praktikoak eta ikustaldiak egingo dira. Egitasmoaren barruan bi bertso saio egitea ere aurreikusten da. Zuzendariak borobildu eta lotuko ditu saioak elkarren artean. Saioaren egitura, gaien planteamendua, hitzen ideologia, gaurkotasuna eta lekukotasuna, formulazioa, aurkezletza eta norbere bidea izango dira astez aste gai-jartzaile eskolan landuko diren gaietako batzuk.
Izen-ematea
Herrialdez herrialde txapelketako taldeetan aritu diren gaijartzaileak, plazan dabiltzanak, bertso eskoletako kideak eta ofizioa ikasteko interesa izan dezakeen jendeari zabaldua dago gai-jartzaile eskola. 15-20 ikasleko taldea aurreikusten da.
Izen-ematea ekainean ireki eta irailean itxiko da. Ekimen honen inguruko interesa duen orok sustapena@bertsozale.com helbide elektronikoan jaso dezake informazio gehiago.