Gabiria eta bertsolaritza aztergai
Betidanik izan dute gabiriarrek herriko bertsozaletasuna aztertzeko eta dokumentatzeko gogoa, eta Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak eskainitako bigarren ikerketa beka aukera bikaina izan da herritarrak lanean jartzeko. "Txapelketa Nagusia denean edo inguruko herriren batean saioa dagoenean, taldean mugitu izan gara; eta zer esanik ez, dauzkagun bertsolari pila. Berezia da", azaldu du Eresti Oiarbidek, Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian proiektuaren egileetako batek. 3.000 euro eskuratu dituzte sariari esker, eta urtebeteko epea izango dute lana garatzeko.
Maialen Akizuk eta Oiarbidek berak sinatu dute proiektu sariduna, baina taldean egingo dute lana beste zenbait herritarrekin batera. Horietako bat da Endika Igartzabal: "Txikitatik jaso dugu bertsoa zerbait ohiko bezala. Guretzat ere polita da ikustea nondik datorren hau, zergatik gauden egoera honetan, zenbat kasualitate gertatu diren edo zenbat lan egin den hona iristeko". Kideek erosoen sentitzen diren horretan egin ahal izango dute ekarpena, eta hala banatu dituzte egitekoak: elkarrizketak egiten eta dokumentazioa jasotzen ari dira orain. Gabiriarekin eta bertsolaritzarekin lotutako anekdota, ikus-entzunezko, irudi edo antzerakorik izanez gero, gabiribertso@gmail helbidera bidaltzea eskertuko dute.
Kilometroak jaia izan ohi den urriko lehen igandearen bezperatan egin zen proiektuaren aurkezpena: urriaren 1ean izan zen, ostiralez, Ordiziako Barrena Jauregian. Ikertzaile taldeko partaideek ez ezik, deialdiko erakunde eta elkarte antolatzaileek ere hartu zuten parte: Kilometroak, Mintzola eta deialdia lagundu duten Gerriko Kultur Elkartea eta Goierriko ikastolen ordezkaritza ere han izan ziren.
Informazio gehiago, hemen.