Festa giroan eman zaie amaiera aurtengo eskolarteko txapelketei

2014/06/21
Maider Arregi Markuleta oñatiarrak irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko finala eta Aitor Servier Etxexuri azkainearra izan da azpitxapelduna; egun osoko festa egon da Orion.

Gaur jokatu da Orioko Karela kiroldegian XXVI. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Bertso giro ederrean, egun osoko festa izan da Orion.

Goizeko 11:00etan hasita, 15-18 urte artekoen finalarekin hasi da eguna. Ikuslez bete da Karela kiroldegia, 350 lagun elkartu dira finala ikustera, eta jendearen animo eta txalo artean kantatu dute bertsolariek.

11:00etan hasi da goizeko saioa. Beñat Gaztelumendi Arandia aurkezle lanetan, eta 11 bertsolari aritu dira kantuan. Bertsolariak, hurrengoak:

  • Arabatik Peru Abarrategi Sarrionandia (1997, Aramaio) eta
    Maddalen Arrausi Fernandez de Retana (1997, Gasteiz).
  • Bizkaitik Asier Galarza Garai (1996, Muxika) eta
    Aitor Bizkarra Ruiz (1996, Abadiño).
  • Gipuzkoatik Maider Arregi Markuleta (1996, Oñati) eta
    Iñigo Ibañez Aramendi(1997, Azpeitia).
  • Lapurditik Aitor Servier Etxexuri (1997, Azkaine) eta
    Nahia Sasco Etxeberri (1998, Lekuine).
  • Nafarroatik Mikel Lasarte Cia (1996, Barañain) eta 
    Maddalen Lopez Tapia (1997, Lesaka).
  • Zuberoatik Ibai Capot Tornari (1997, Zalgize).

 

Saioan egin beharreko lanak hauek izan dira:

            Hasierako agurra. Gehienez 5 puntuko neurrian.
            8ko handian 2na bertso. Ofizioko gaian, binaka.
            8ko txikian 2na bertso. Ofizioko gaian, binaka.
            Bakarka bertso bana. Gehienez 5 puntuko neurrian. Gaia emanda.
            3na kopla trikitilarien laguntzarekin. Binaka edo hirunaka, gaia emanda.
            Bukaerako agurra. Gehienez 5 puntuko neurrian.

Giro ederrean joan da saioa, eta bertsoaldi osoak eta biziak eskaini dituzte bertsolariek. Azkenean, Maider Arregi Markuleta oñatiarrak jantzi du txapela eta txapeldunordea Aitor Servier Etxexuri Azkainekoa izan da.

Txapeldunari Maialen Lujanbio Zugasti bertsolariak jarri dio txapela, eta txapeldunordeari, Patxi Etxeberria Zubiriak eman dio saria. Etxeberriak bertsoa eskaini dio publikoari:

Oraindik badauzkagu
gauza pozgarriak
laguntzen digu buruak
eta eztarriak
gu isildu aurretik
badatoz berriak
danok izan zaitezte
ongi etorriak

Beste bertsolariei sariak ematen hainbat sari emaile egon dira. Hurrengoak: Iñaki Murua Jauregi Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Imanol Igeregi Bilbao Ikastolen Elkarteko zuzendaria, Koldo Tellitu Mejia Ikastolen Elkarteko lehendarkaria, Ekiñe Saizar Larrañaga Orioko Udaleko ordezkaria eta Gregorio Zuaznabar Urkola Nekazaritza Ekologikoko Kontseilukoa. Horietaz gain, bertsolariak ere egon dira sariak ematen: Jone Uria Albizuri, Aimar Karrika Iribarren, Odei Barroso Gomila, Oihane Perea de Mendiola eta Nerea Elustondo Plazaola.

11 finalistentzako sari nagusia, aurten Gabonetako oporretan lehenengo aldiz egingo den Bertso Negulekuetako egonaldia izan da. Euskal Herri mailako negulekuak izango dira, 15-18 urteko gazteei zuzenduta. Bertan parte hartzeko aukera bertso-eskoletako gazte guztiek edukiko dute.

Gai-jartzaile taldean Gipuzkoako bertso-eskoletako gazteek hartu dute parte, Inaxio Usarralde eta Egoitz Aizpuru gidari zituztela: Maddi Alberdi, Maier Fernandez, Nahia Fernandez, Amaia Palazuelos, Aizpea Garmendia, Peru Gabirondo eta Iñaki Rezusta.

Epaile taldea, ostera, herrialde bakoitzeko epaile banak osatu dute: Hodei Lopez de Arkaute Aristizabal (Araba), Jurgi Fuentes Goikoetxea (Bizkaia), Zigor Leunda Eizmendi (Gipuzkoa), Joakin Arregi Goenaga (Lapurdi), Nerea Bruño Artazkoz (Nafarroa), Beñat Soule Haristoy (Zuberoa). Idazkari lanetan Maiteder Sasieta Murua aritu da.

Kopletako ariketan, Asier Alcedo Cano eta Arrate Gaztelu Agirre trikitilariak izan dituzte lagun bertsolariek.

Bazkalostea jai giroan

Saioaren ostean, bertako produktu ekologikoz egindako bazkari ederra bazkaltzera joan dira denak batera, Orioko ikastolako aterpera. Goraino bete da han elkartu diren 200 lagunekin.             

15:00etik 18:00etara,  festa giroa nagusituko da Orion. Festari hasiera, Maialen Lujanbio eta Patxi Etxeberria bertsolari beteranoek emango diote, librean kantari. Arratsaldeko jaiari, Orioko, Larrabetzuko, Oñatiko, Barañaingo eta Zarauzko bertso eskolek emango diete jarraipena eta Obaneuke erromeriarekin bukatuko da eguna.

 

Berrikuntzaz betetako eskolartekoa

Aurten, hainbat berrikuntza egin dira eskolartekoan, eredu berri batekin. Besteak beste, 15 urtetik beherakoek ez dute lehiarik eduki, lehiarik gabeko saioetan kantatu dute.

Bestetik, 15-18 urtekoek, txapelketa jokatu dute. Baina, gazteak bertsolari figurara mugatu gabe, beste rol batzuetan aritzeko aukera ere izan dute. Gainera, eskolartekoak jokatu diren finalen egunetan, bertso eskolen egunak ere ospatu dira; horrela, beste urrats bat emanez.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozaleak zorionak eman nahi dizkie Eskolartekoan parte hartu duten guztiei, eta eskerrak ekimena aurrera ateratzeko lan egin duten partaide guztiei zein laguntzaile eta babesleei.

 

Antolatzaile eta laguntzaileak

Eskolarteko berria Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatzen dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker.

Euskal Herriko finala antolatu ahal izateko laguntza eskaini duten erakundeak hauexek izan dira: Orioko Udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultur Saila.