Ezagutzen al duzu Xenpelar Dokumentazio Zentroa?

2018/10/26
Zentroan egiten den lana bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duen ikus-entzunezkoa prest dugu, lau hizkuntzatan.

Bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta eskaintzeko helburuz ari da lanean Xenpelar Dokumentazio Zentroa etengabe. Lan hori ezagutarazi asmoz, bideo laburra prest dugu sarean, Mintzola.eus atarian zein bere YouTubeko kanalean. Lau hizkuntzatan dago ikusgai: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

Ikus-entzunezkoak dokumentazio zentroa hurbilagotik ezagutzeko aukera ematen du. Xenpelarrek bildu eta eskaintzen duen ondarean oinarri diren bertsozale, bertso-eskolako kide, irakasle, kazetari, ikertzaile nahiz bertsolarien azalpenen bidez, bere funtzionamendua ezagutu daiteke, baita zentroko lankideen ahotik ere.

Bideoa lau hizkuntzatan sortu da; jatorrizko euskarakoaz gain, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez azpitituluak ere jarri zaizkio. Izan ere, bertsolaritzari buruzko dokumentazioan espezializatutako zentroa izanagatik, alegia euskarazko ahozko jardun jakin batean, nazioartean interesa piztu duen egitasmoa da. Hala, hizkuntza ezberdinetan jarri da eskura sarean.

1991 urtean sortu zenetik, Xenpelar Dokumentazio Zentroan berezko sistema dokumentalaren arabera antolatutako bilduma osatu da: grabazioak, argazkiak, doinuak, hemeroteka…mota guztietako informazioa eta dokumentuak biltzen dira bertan. Ahozko ondarearen biltoki hau behar duen ikertzaile, bertsozale eta hiritarren eskura dago. Egoitza Amasa-Villabonan duen arren, 2011 urtetik bere informazio eta dokumentuen lagina sarean dago eskuragai bdb.bertsozale.eus webgunean.

Ondarea biltzeko, bertsozale askoren laguntza izaten du Xenpelarrek.