Ez da Euskal Herriko Eskolartekorik egingo

2020/11/05
Azaroaren 14an Abadiñon egitea zen asmoa, baina egoera aintzat hartuta, bertan behera uztea erabaki dugu Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak.

Egin ala ez egin: Eskolartekoek lurraldeetan bere bidea egin artean, egoeraren bilakaera adi jarraitu dugu, Euskal Herriko Eskolartekoa gauzatu ote zitekeen erabakitzeko. BertsoZalea berripaperean bazkideei aurreratu bezala, hitzordua zehaztua genuen: azaroaren 14an genuen egitekoa, Abadiñon, Saran hirurtekoa egin eta gero. Pandemia egoerak, ordea, ez du ekitaldia gauzatzeko aukerarik eman, eta aurten Euskal Herriko Eskolarteko azken saiorik ez egitea erabaki dugu Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak.

Azken saioa da egingo ez dena, gainerakoan, lurraldeetako Eskolartekoak egin ahal izan baitira: ez dira ohiko moduan egin, noski, baina bai neurriak hartuta.

Martxoan eten, eta urrian berrekin

Gipuzkoako Eskolartekoari bi saio falta zitzaizkiola eten zen bat-batean Eskolarteko saguzarraren hegoen astinaldia. Urriaren 2an berrartu genuen Gipuzkoako saio horietako bat, eta finala urriaren 16an egin zen Azkoitian: Aner Peritzek irabazi zuen, eta Naia Arrizabalagak ere lortu zuen Euskal Herriko finala izango zenerako sailkapena.

Urrian egin ziren, hain justu, lurralde gehienetan eskolarteko saioak. Urriaren hasieran egin zen, Murgian, Arabakoa: Aitor Ugarte eta Eukene De Los Aires izan ziren txapeldun eta txapeldunorde. Bizkaiko Eskolarteko finala urriaren 17an egin zen Arrigorriagan, aurretik hiru kanporaketa saio eginda: Irune Basagoitik eta Leire Vargasek eskuratu zuten finalerako txartela. Nafarroak pasa den ostiralean egin zuen bere Eskolarteko saioa: Ekhiñe Zapiainek eta Bittori Elizaldek eskuratu zituzten lehen bi postuak.

Uztailean egin genuen, aldiz, Bertsularien Lagunak elkarteak elkartzen dituen hiru lurraldeetako (Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa) txapelketa: Haira Aizpuruak jantzi zuen txapela eta Irantzu Idoate izan zen txapeldunorde.

Zorionak txapeldun, txapeldunorde eta parte-hartzaile guztioi! 

Saran hirurtekoa eginda, Abadiñon izatekoa zen aurten Euskal Herriko Eskolartekoa. / XDZ