Euskaltzaindia eta bertsolaritza, Hitzetik Hortzeran
XX. mende bukaerako bertsolari txapelketen antolatzaile izan zen Euskaltzaindia, eta gai-jartzaile lanetan aritu zen Joxe Mari Iriondo. Donostiako Balda frontoian elkartuko gara berarekin, garai hartakoak igandeko Hitzetik Hortzera programara ekartzeko. Iriondo izan zen 80. hamarkadan txapelketetako aurkezlea, baina horra heldu aurretik nolako oroitzapenak dituen galdetuko diogu: non harrapatuko ote zuten Iriondo 60. hamarkadako txapelketek?
Euskaltzaindiak bertsolaritzaren aldeko apustu garrantzitsuak egin ditu 100 urteotan, baina baita beste hainbat arlotan ere. Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruarekin elkartuko gara urteurrenaz hitz egiteko.
Bertso-sorta musikatua: Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar
Igandeko programan Soraluzeko udazkeneko bertso jaialdiko aleak entzuteko aukera izango da; baita Iruñeko Bertsoaroko bertsolari gazteen jaialdiko bertsoaldiak ere. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Tolosako finalaurrekoetan izan zen gainera Hitzetik Hortzera, eta horiek ere ekarriko ditugu igande honetan telebistara.
Xenpelartarrena bertsolari familia oparoa izan zen. Juan Frantzisko Petriarena Xenpelarrez gain, bere arreba Maria Luisa eta honen alaba Joxepa Antoni ere bertsolariak izan ziren. Igandeko programan azken honen bertsoak entzungo ditugu, 1902an jarriak. Errenteriko Enrike Elizetxek neskazarren kontrako bertsoak idatzi zituen Ibaizabal aldizkarian, eta Joxepa Antoni Aranberrik bere haserrea itzuli zion bertsotan.
Hitzetik Hortzera, igandean 15:00etan ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieran atarian.