Euskal Wikiemakumeok, Hitzetik Hortzeran
Ostiralero Durangoko Andragunean elkartzen da Euskal Wikiemakumeok osatzen duten taldeetako bat. Bertako kidea da Marisa Barrena wikilari, euskaltzale, ekintzaile eta bertsozale feminista. Emakumeak eremu digitaldean bistaratzearen kezkatik abiatuta hasi ziren elkartzen eta, hasi zirenetik orain arte, 9.000 emakumeren biografiak sortu eta itzuli dituzte.
Euskal Wikipedia emakumeen presentziaz hornitzen nola aritzen diren kontatuko digu aste honetako Hitzetik Hortzeran Marisa Barrenak. Aurrera begira dituzten erronkei buruz ere arituko dira, ez baitute gelditzeko asmorik genero arrakala Euskal Wikipedian desagertu arte. 2017an %17koa zen emakumeen presentzia eta gaur egun %32koa.
Bertsolaritzak Euskal Wikipedian duen presentziari buruz ere arituko dira Marisa Barrena eta Mirari Martiarena. Baita, Barrenak berak bertsolaritzarekin duen harremanari buruz ere. Euskara irakasle zenean ikasleekin bertso saioetara egindako txangoak, gustuko dituen bertsolariak edo Izan Inurriren bertso saioei buruz hitz egingo dute.
Donostiako eta Mendaroko jaialdiak
Astero legez bertsoaldiak entzuteko aukera ere izango dugu Hitzetik Hortzeran.
Alde batetik, Donostiako Intxaurrondo auzoko Emakumea eta kirola bertso saioa ekarriko dugu pantailara, Intxaurrondoko Emakumeen astearen baitan antolatu zutena. Ainhoa Urienek aurkeztu eta gidatu zuen saioa, eta bertsotan aritu ziren Alaia Martin, Eli Pagola eta Oihana Iguaran.
Beste alde batetik, Mendaron, Motxaila egunaren baitan, urteroko jaialdia egin zuten. Hango bertsoaldiak ere izango ditugu entzungai Hitzetik Hortzeran. Joanes Illarregi, Jone Uria, Julio Soto eta Nerea Ibarzabalek egin zuten bertsotan. Gai-jartzaile lanak berriz Ainhoa Urbietak egin zituen.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.