Euskal ipuingintza izango dute hizpide Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiek

2015/10/29
Azaroaren 18an eta 25ean izango dira Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Idatzitik ahozkora: Euskal ipuingintza egungo liburuetan izenburupean gauzatuko dira aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak. Azaroko bi asteazkenetan, hilaren 18an eta 25ean, izango dira, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean

Bigarren edizio hau ere, Mintzola Fundazioaren Elkargunearen baitan, euskal ahozko sorkuntzen inguruan antolatu da: aurten, haurrentzako euskarazko ipuingintzaren argitalpenak aztertu eta ahozko kontaketarako baliabide bezala eskaintzen diren aukerak plazaratu nahi dira. Egun argitaratuta dauden haurrentzako liburuetan euskal tradiziozko ipuinek eta ipuin unibertsalek duten egoera aztertu nahi da, bereziki ahoz kontatzeko eskaintzen dituzten baliabideei erreparatuz.

Itziar Rekalde, Pello Añorga eta Bego Alabazan ipuin kontalariek, Xabier Etxaniz, Manu Lopez eta Patxi Zubizarreta idazle eta haur literaturan adituek, eta Aines Dufau Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuko zuzendariak hartuko dute parte. Hitzaldi sorten ostean, mahai-inguruarekin biribilduko dira bi asteazkenetako saioak. 

Jardunaldiotan landuko diren gaiak eta gogoetak udal liburutegietako nahiz eskola liburutegietako arduradunentzat interesgarria izateaz gain, ipuin-kontalari edo ipuingileentzat, eta arlo honetan dabiltzan editore eta itzultzaileentzat ere baliagarriak izatea nahi da.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren iaz. Euskal antzerkigintzaren dokumentazio beharren inguruan egin ziren lehen jardunaldiak, Koldo Mitxelena Kulturunean eta Subijana Etxean egindako saioekin.

2015ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Fundazioa,Tolosako Udal Liburutegia, eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira. Elkarte hauen laguntza izan dute jardunaldiek: Galtzagorri ElkarteaArtxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE); eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE).

Iaz antzerkigintzaren dokumentazio beharren ingurukoak izan ziren jardunaldiak