Euskal Herriko Eskolartekoaren finala, BertsoZalearen azalean

2016/05/10
Europa bat-bateanen aritu diren itzultzaileen lana ere nabarmendu nahi izan du maiatzeko berripaperak.

Ikasturtearen amaiera hurbil dugunaren seinale, maiatzeko BertsoZaleak Eskolartekoarengan jarri du arreta. Ekainaren 4an izango da Ereñotzun Euskal Herriko finala, Txirritaren heriotzaren 80.urteurrena medio Hernaniko auzo-udalean antolatu den egitarauaren baitan. Han ariko dira herrialde bakoitzeko bina ordezkari, eta maiatzean zehaztuko dira zeintzuk izango diren parte-hartzaile horiek, herrialde bakoitzean gauzatzen  ari diren Eskolarteko saioekin.

Bestalde, Europa bat-batean egitasmoaren baitan itzultzaileek egiten duten lana nabarmendu nahi izan du hilabete honetako BertsoZaleak. Inprobisatzaileek elkar ulertu eta ikus-entzuleek ere euren jarduna  jarraitzeko funtzio garrantzitsua bete dute; euren lanaren ingurukoak azaldu dizkigute lan horretan aritu diren lagunetako bi: Maddalen Arzallus eta Miren Ibarluzea.

Gainera, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udabarriko fasearen zein ikastetxeetan egingo diren ikasturte amaierako jaialdien inguruan ere ari da maiatzeko berripapera. Eta noski, ohiko edukiak ere ez dira faltako: Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren eta Jalgiren inguruko koplak, bertso-udalekuetako begiraleen poto-finixa edota Mikel Artolak jarritako puntua.

Maiatzeko berripapera ikasturte amaierari begira jarri da.