Euskal Herriko Eskolartekoaren bazkarirako txartelak, eskuragai

2019/05/13
Ekainaren 8an, Saran, amaituko da aurtengo Eskolartekoa. Lurralde guztietako lagunak bilduko dituen bat-bateko finalaren ondotik, bazkaltzen elkartuko gara denok Sarako Lur Berri gelan: otordurako txartelak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

Pasa berri den asteburuan Arabako Eskolarteko jaia eginda, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako eta Bizkaiko Eskolarteko festak baino ez dira falta; eta hori eta gero, Euskal Herrikoa, noski. Ekainaren 8an egingo da Saran, hirugarrenez, Euskal Herriko Eskolartekoaren jaia.

Otsailean Gipuzkoako Eskolartekoa hasi zenetik, Eskolartekoaren saguzarrak etengabe astindu ditu hegalak euskararen lurraldeetan. Gipuzkoako eta Nafarroako egitasmoak apirilean amaituta, eta, Arabakoa ere berriki bukatuta, jada sei bertsolari gazte daude sailkatuta Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko finalerako. Gainerako parte hartzaileak maiatzaren 18an eta 25ean ezagutuko ditugu, Ipar Euskal Herriko lurraldeak biltzen dituen Eskolartekoaren finala eta Bizkaikoa jokatuta.

Ekainaren 8an egingo da final handia, eta, haren ondotik, festak izango du jarraipenik. Azken urteotan bezala, Sarako Lur Berri gelan bazkaria egingo da: 15 euroren truke, jada eskuragai daude bazkarirako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian; Iparra-Hegoa ekimenak eskainiko digu otordua. Ekainaren 2ra arte izango dira eskuragai txartelok.

Bestalde, zure lurraldetik Sarara joateko autobusak izango ote diren jakiteko, jarri harremanetan zure lurraldeko Bertsozale Elkartearekin harremanetan.

Eskolartekoa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatzen dute, elkarlanean.

Txaranga giroan, nola ez dugu ondo amaituko? / XDZ