Euskal Herriko Eskolartekoa hartzeko prest da Sara

2017/06/06
Larunbat honetan izango da. Goizean bat-bateko finala jokatuko da eta bazkalostean ere jarraituko du festak.

Lurraldeetan bere bidea eginda, Eskolartekoa biribiltzeko Euskal Herri guztiko ordezkariak bilduko dituen jaia ospatuko da larunbatean Saran: bat-bateko finalaren hitzordua baliatuz, egun osoko jaia antolatu ohi da.

11:00etan abiatuko da bat-bateko finala Sarako trinketean. Aurten 15-18 urte bitarteko 13 gaztek hartuko dute parte: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002); Baxenabarretik, Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) eta Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai, 2000); Bizkaitik, Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000) eta Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo, 1999); Gipuzkoatik, Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001) eta Jokin Irastorza Zabalegi (Oiartzun, 1999); Lapurditik, Julene Etxeberri Pacheco (Sara, 2001) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999) eta Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001); eta, Xiberoatik, Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001).

Pantxika Solorzano eta Joana Itzaina ariko dira gai-jartzen eta saioa aurkezten, hurrenez hurren. Epaile taldea herrialde bakoitzeko ordezkari banak osatuko du: Aitor Jimenez (Araba), Leire Etxebarria (Bizkaia), Elisa Iztueta (Gipuzkoa), Lierni Elorza (Lapurdi), Saioa Mitxelena (Nafarroa) eta Iban Thicoipe (Baxenabarre). Egungo Euskal Herriko Bertsolari txapeldunak jantziko dio txapela irabazleari, Amets Arzallusek.

Ondoren, 14:30ean bazkaria eskainiko da Lur Berri aretoan, Idokiren eskutik. Bazkalostean, Lur Berrin bertan, rapean ariko dira Odei Barroso eta Iñaki Viñaspre, freestylean.

Eskolartekoaren informazio osoa topatu ahal izango duzu www.bertsozale.eus, www.bertsoa.eus eta www.ikastola.eus atarietan; baina jarraipena egiteko onena, larunbatean Sarara bertara gerturatzea.

13 gaztek hartuko dute parte aurtengoan.