Euskal Herriko Eskolarteko jairako egitaraua, prest

2017/05/19
Ekainaren 10ean izango da hitzordua, Saran. Eskolarteko finalaren ondotik eta arratsaldeko emanaldiaren aurretik, bazkaria eskainiko da Lur Berrin: www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai bazkarirako txartelak, maiatzaren 29ra arte.

Lurraldeetan Eskolartekoa ari da bere bidea egiten eta pixkanaka Euskal Herriko Eskolarteko finalean parte hartuko duten bertsolari gazteen izenak ere ezagutuz goaz: Arabatik Aroa Arrizubieta eta Aitor Ugarte, Gipuzkoatik Oihana Arana eta Jokin Irastortza eta Nafarroatik  Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi ariko dira kantuan. Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoatik zein Bizkaitik iritsiko diren ordezkariak datozen egunetan ezagutuko ditugu: lehenek bihar jokatuko dute Eskolarteko xapelgoa Hazparnen eta bizkaitarrek ekainaren 3an egingo dute berea Markina-Xemeinen. Hortik aterako dira lurraldeotako ordezkariak.

Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko finalaren aitzakian, jai handia antolatzen da urtero egitasmoa biribiltzeko. Aurtengo hitzordua ekainaren 10ean izango da Saran. 11:00etan hasiko da finala trinketean eta hura amaituta bazkaria eskainiko da Lur Berrin. Bazkarirako txartelak eskuragai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian, 16 euroren truke. Maiatzaren 29ra arte lortu ahal izango dira sarrerok.

Bazkalostean rap freestylean ariko dira Odei Barroso eta Iñaki Viñaspre Lur Berrin bertan.

Amai dezagun ikasturtea behar bezala. Anima zaitez!

Iaz, Ereñotzun egin zen Euskal Herriko Eskolarteko jaia. / XDZ