Euskal Herriko Eskolarteko jaia, BertsoZalearen azalean

2017/05/09
Bestalde, Bapatean 2016 laster kaleratuko denez, urteroko bilduma honek zer nolako lan prozesua duen ezagutuko dugu berripaperaren bidez.

Ikasturtea amaituz doa eta pixkanaka egitasmoak ere biribiltzen doaz. Noranzko horretan doa Eskolartekoa ere eta haren berri dakar maiatzeko BertsoZaleak. Herrialdeetan ari dira Eskolarteko jaiak egiten: Gipuzkoan eta Nafarroan egin dituzte, Araban eta Lapurdi-Baxenabarre-Xiberoan datozen egunetan egingo dituzte eta Bizkaiak ekainaren 3an emango dio amaiera. Gero, partaide guztiak biltzen dituen Euskal Herriko Eskolarteko jaia egingo da Saran, ekainaren 10ean.

Hain zuzen, Arabako Eskolartekoarekin batera egin behar den Bertsoa Bizi Gazte Egunaren inguruko informazioa ere badakar hilabate honetako aleak, eta baita finalerdietan diren Gipuzkoako Herriarteko eta Bizkaiko Taldekakoaren ingurukoak ere.

Bapatean 2016 laster iritsiko da Bertsozale Elkarteko bazkideen etxera. Urteroko bilduma honek lan prozesu luzea du atzean, eta hori ezagutzeko aukera ematen digu maiatzeko aleak Xenpelar Dokumentazio Zentroko Felix Irazustabarrena kidearen ahotik.

Bilduma hau osatzeko, besteak beste, nabarmentzekoa da Xenpelar Dokumentazio Zentroak egiten duen bilketa eta dokumentazio lana. Hain zuzen, dokumentazioa oinarri hartuta azken hiru urteetan Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak antolatzen ari dira eta aurtengoan ere ez dira faltako: ikus-entzunezko ondarea hartuko da aintzat. Xehetasunak, BertsoZalean.

Gainera, Ekaitz Goikoetxearen puntua, Julio Sotok Nafarroako txapela jantzi berritan botatako agurra, koplak eta poto-finixa ere topatuko dituzu BertsoZalearen 184.zenbakian.

Kalean da maiatzeko BertsoZalea.