Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen gogoeta

2016/01/14
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaren sari banaketa ekitaldian gertatutakoaren harira, hainbat iritzi, kezka eta gogoeta sortu dira Elkartean. Hori ikusirik, bazkideoi eta gizarte osoari, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen funtzionamendua eta jokamoldea azaltzeko abagune egokia dela iruditu zaigu.

Bertsozale Elkarteak kulturgintza eta euskalgintza ditu bere ekinbideak eta horretan ari da 1987an sortu zenez geroztik. Bertsoa ardatz eta bertsolaritza biziberritzea helburu, euskaratik eta euskaraz, hainbat ekimen antolatu ohi ditu erakunde ezberdinekin elkarlanean.

Ekimen horiek burutzeko ezinbestekoa da bazkideon (bertsolari, bertsozale, bertso eskola…), erakunde pribatuen eta publikoen babesa eta laguntza, eta hala aitortu izan da ekitaldi horietan bertan. Zentzu horretan, Bertsozale Elkarteak babesa eta esker ona adierazten die bere kultur proiektua aurrera eramateko bidelagun dituen pertsona zein erakunde guztiei.

Kutxa Fundazioaren Gizarte Ekintzak, besteak beste, Mintzola Fundazioko jarduera, Xenpelar Dokumentazio Zentroa, Bertso Eguna, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa… burutzeko laguntza ematen du. Laguntza hori gabe ezingo lirateke ekintzok nahi bezala gauzatu.

Illunben jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, eta horra iritsi arteko bide luzean, Bertsozale Elkarteak hainbat bidelagun izan ditu, tartean Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala. Eskertu ez ezik, erakundeok Bertsozale Elkartearen proiektuetan eta antzekoetan parte hartzea sustatu nahi eta behar da, horretarako zubiak eraikiz eta elkarlana bultzatuz, bakoitzak bere esparru eta erantzukizunetik, bertsozaleei eta herri honi, eskaintza ahalik eta oparoena egin ahal izateko.

Txapelketetan, berauek osatzen dituzten eragile guztiek dute beren espazioa (bertsolariek, bertsozaleek, borondatezko laguntzaileek, babesleek, hedabideek…). Bertsozale Elkartearen ardura da bakoitzari dagokion espazioa eman eta espazio horien kudeaketa egokia egitea. Elkarteak antolatutako ekitaldietan, parte hartzaile guztien arteko errespetuzko jarrera eraikitzea du helburu, bertsoa eta elkarbizitza baitaude kultur proiektu osoaren oinarrian.

Bertsolaritza eta bertsogintza izan dira protagonistak Gipuzkoako Txapelketako finalean (eta txapelketa osoan), eta protagonismo hori itzalean utzi zuen sari banaketa ekitaldian gertatutako tentsio egoerak.

Bertsozale Elkarteak bere gain hartzen du berak antolatutako saio guztiak ongi bideratzeko lana, ardura eta erantzukizuna, eta horregatik, aurrerantzean, berea den espazioan (ekitaldia egiten den aretoan, oholtzan, bitarteko teknikoetan…) aurrez adostu gabeko inolako esku-hartzerik ez du onartuko.

Gipuzkoako Txapelketak bertsogintzari, bertsolaritzari eta euskal kulturgintzari egindako ekarpenak dagokion lekua eta protagonismoa izatea da gure lehentasuna eta Bertsozale Elkarteak horretan jarri du eta jarriko du bere ahalegin guztia. Hori da Elkartearen bidea.

Mila esker bertsolaritzaren proiektuan sinetsi eta honen aldeko apustua egiten duzuen guztioi.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea