Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta LABORAL Kutxak elkarlanerako hitzarmena berritu dugu

2023/11/13
Finantza erakundeak Bertsozale Elkartearen proiektu osoa laguntzen eta babesten jarraituko du. Horri esker, bertsolaritzak bultzada handia jasoko du beste lau urtean.

Euskal kultura eta euskara sustatzeko helburuan bat eginda, elkarlanerako hitzarmena berritu dugu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta LABORAL Kutxak. Ostiralean berretsi genuen konpromisoa Arrasaten: Igor Elortzak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak, eta Ibon Urgoitik, LABORAL Kutxako Negozioaren Garapenerako Zuzendariak, sinatu dute hitzarmena.

2015ean sinatu zen lehen aldiz elkarlanerako hitzarmena eta duela lau urte berritu zen; urteotan egindako bidearekin pozik eta elkarlanean sinetsita errepikatu da akordioa. Hitzarmen honi esker, LABORAL Kutxak Bertsozale Elkartearen proiektu osoa laguntzen eta babesten jarraituko du: besteak beste, plazan, hezkuntzan, edota ikerkuntzan gauzatzen ditugun proiektuetan eta hauen gizarteratzean. Halaber, elkarlan orokorraz gain, bi aldeentzat interesgarri izan daitezkeen proiektu zehatzetarako elkarlanerako aukera ere jasotzen du akordioak.

Bertsolaritza zaintzea, sustatzea eta etorkizuna ziurtatzea ditu helburu Bertsozale Elkarteak; gizartearentzat onuragarriak diren hainbat alorretan ere eragiten du: pertsonen garapen eta ongizatean, euskararen normalizazioan edota kultur ondarearen zaintzan, esate baterako.

LABORAL Kutxari dagokionez, euskal kulturaren eta euskararen garapenaren aldeko lana eta konpromisoa entitatearen Estatutu Sozialetan jasotzen da; izateko modu horri erantzunez hamaika proiektu bideratzen laguntzen du.

Hitzarmen honi eta LABORAL Kutxaren ekarpenari esker, bertsolaritzak bultzada handia jasoko du beste lau urtean.

Bertsozale Elkarteko eta LABORAL Kutxako ordezkariak ostiralean, Arrasaten.