Europa bat-batean proiektuaren xehetasunak, Bertsozalean
Asteburu honetan izango dira Bartzelonan kantu inprobisatuari buruzko jardunaldiak. Udazkenean egiten diren bigarrenak dira Leongoen atzetik, eta 2016ko udaberrian eta udan Euskal Herrian izango dira saioak nazioarteko ordezkariekin. Hori guztia Mintzola Fundazioak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin elkarlanean osatutako Europa bat-batean proiektuaren baitakoa da; egitasmo honen nondik norakoak azaldu dira berripaperean.
Agenda betetzeko adina egitasmo proposatzen ditu hilabete honetako Bertsozaleak. Izan ere, Bartzelonako jardunaldiez gain, ate joka dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak ere; azaroaren 18an eta 25ean gauzatuko dira eta aurtengoek Euskal ipuingintza egungo liburuetan izango dute hausnarketarako gai. Azaroaren 14an Agurainen Bertso Eskolen Eguna egingo da, eta egitarauari errepasoa egiten dio Bertsozaleak. Haratago joanaz, Durangoko Azokan Bertsozale Elkartea eta Lanku bertan izango dela gogorarazten dizuegu. Postuan, eta Durangoko hainbat gunetan emanaldiak eskainiko dira Lankuren eskutik. Bestalde, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 19ra aurreratu dela ere gogorarazten die bertsozaleei berripaperak, baita horretarako sarrerak non lor daitezkeen azaldu ere.
Mintzolak eta EHUko Laboa Katedrak elkarlanean eskainitako hiru proiektu sariak ere esleitu dira eta hautatuak izan diren lanak azaltzen dira Bertsozalean. Ibai Esoainen bertsoa, Ane Zuazubiskarren puntua, Gipuzkoa Bertsotaneko poto-finixa eta Koplak ere badakartza hilabete honetako aleak.
Berripapera digitalki jasotzen duten bazkideek jada jaso dute azaroko Bertsozalea e-postan; etxera bidean da paperezkoa.