Etxepare Rap proiektuaz, Hitzetik Hortzera
Ofizioz euskara irakaslea da Imanol Epelde, baina ez nolanahiko irakaslea. Ikasleekin euskal literaturako testuak irakurtzen ari zela etorri zitzaion musika gehituz letra horiek beste modu batean lantzearen ideia. Horrela sortu zen Etxepare Rap. Autore garrantzitsuen testuak hartu eta kantu bihurtzen ditu zarauztarrak, tartean, hainbat bertsolariren testu eta bertsoak ere bai.
Zarautzen elkartu gara Imanolekin, berak kontzertuetarako entseguak egiteko erabili ohi duen lokalean. Hamaika abesti batzen ditu dagoeneko Etxepare Rap proiektuak, eta datozen garaietarako ere ideiak baditu irakasle zarauztarrak. Beharrezko materiala hartu eta nola sortzen duen azalduko digu aste honetako Hitzetik Hortzeran.
Tolosa eta Hernani
Etxepare Rapen abesti eta bideoklipen zatitxoak entzuteaz gain, Tolosan Atariak urtero antolatzen duen saioan eta Hernanin izango gara: Bertsolataren egitarauaren baitan antolatu zuten bertso traman, hain zuzen ere. Aste honetako Kuttuna Garazi Astrain Altzoko bertso-eskolako kideak ekarriko digu, eta Miren Artetxek Elgoibarren osatu zuen pasapalabra feminista gogoratuko dugu berarekin.
Hitzetik Hortzera: aste honetan larunbatean soilik ETB1en, 21:00etatik aurrera, eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.