Etxauziari bertsotan igandeko Hitzetik Hortzeran

2018/02/15
Azken urteotan ospe handia hartu du Baigorriko Etxauzia gazteluak: inguruko herritar eta eragileek kanpaina erraldoi bat abiatu zuten gaztelua erosi eta eskualdeari eragiteko proiektu bat abian jartzeko. Antton Curutcharry baigorriarra gonbidatu dugu aste honetako programara, gazteluaz aritzeko. Eta bertsoak ere ekarriko ditugu Baigorritik, han aritu baitziren Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Jone Uria afalostean. Otordu bueltako bertsoak ekarriko ditugu Errigoititik ere, Xabi Paya eta Onintza Enbeitaren ahotsetan.

Baigorriko herria izango du ardatz aste honetako Hitzetik Hortzerak. Herriaren tontor batean dagoen Etxauzia gaztelua ezagutzeaz gain, Baigorriko Bixentaenea ostatuan kantatutako bertsoak ekarriko baititugu programara.

Ia mila urteko historia du Baigorriko Etxauzia gazteluak. Urteotan gorabehera handiak izan ditu Euskal Herriko historiaren lekuko izan den eraikinak. Orain dela urte batzuk inguruko herritar eta eragileek erronka bota zioten Euskal Herriari, Euskaldun bat, Euro bat kanpaina abian jarrita: gaztelua erosi eta bertan proiektu bat martxan jartzea. Amets horri ekin zion taldeko kide da Antton Curutcharry, eta bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua. Gazteluaren historia ezagutzeaz gain, Etxauzia proiektuaren nondik norakoak kontatuko dizkigu igande honetan, eta bertsolaritzaz eta Baigorriko herriaz ere ariko gara solasean.

Bertso-afaria Bixentaenea ostatuan

Baigorrin egin baitzen aste honetan zuen etxeetara eramango dugun lehendabiziko saioa. Lehendik ere saio bat baino gehiago egin izan da Bixentaenea ostatuan. Otsailaren 3an bertan jardun ziren Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Jone Uria, Battitt Crouspeyre gidari hartuta. Afaltiarrei saio ederra eskaini zieten ostatuko goxotasunean. Librean egin zuten saioa entzun ahal izango dugu, Baigorri eta Etxauzia gaitzat hartuta.

Hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa askoren kezka-gai da oraindik. Jone eta Amets gurasoak Sustrai semea konbentzitzen ahaleginduko dira euskarazko musika entzun dezan. Eta kulturari lotuta ariko dira Sustrai eta Amets, gaurkotasun handiko gai batekin: Handia filma eta jaso dituen Goya sariak. Sakon kantatuko dute.

Orain dela 18 urte ere bertso-saioa izan zen Baigorrin. Han ziren Sustrai Colina eta Amets Arzallus, eta haiekin batera aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio eta Mikel Altzuart. Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi berria zen Amets Arzallus, eta Maialen Lujanbiorekin kopletan egin zuen saioa eskainiko dugu Hitzetik Hortzeran.

Giro beroa Errigoitin

Eta Baxenabarretik Bizkaiara joango gara zuzenean, Errigoitin bertso-bazkari umoretsua eskaini baitzuten otsailaren 10ean Xabi Payak eta Onintza Enbeitak. Bi ordutik gorako saioa egin zuten librean, eta hango bertsoaldi onenak ekarriko ditugu programara.

Hori dena eta askoz gehiago izango da ikusgai igande bazkalostean, ETB1en. Eta Interneten ere nahieran ikusi ahal izango duzue programa, www.eitb.tv atarian.

Antton Curutcharry izango dugu gonbidatu Hitzetik Hortzeran.