Estitxu Arozenaren bertso ibilbidea, Hitzetik Hortzeran

2020/02/20
Aurten 25 urte beteko dira Estitxu Arozenak lehenengoz Nafarroako txapela jantzi zuenetik, eta urteurrenaren aitzakian berarekin elkartuko gara Lesakan, bere ibilbideaz eta orduko oroitzapenez hitz egiteko. Eta, beti bezala, bertsoaldien hautaketa: Astigarraga, Iruñea, Lasarte-Oria eta Senpere. Igandean, 15:00etan, ETB1en.

25 urtez bidaiatuko dugu atzerantz, 1995eko udaberrira, zehazki; orduan jantzi zuen lehenengoz Nafarroako txapela Estitxu Arozenak. Hamarkada hartan beste txapel bat eta bi bigarren postu ere lortu zituen Nafarroako finaletan. Mantso edo oharkabean igaro daitezke 25 urte. Igandeko Hitzetik Hortzeran Estitxu Arozenarentzako izan duten abiadura jakingo dugu.

Txapela janzterako ibilbidea egina zeukan Arozenak; plazaz-plaza jarduten zuen gazte belaunaldi bateko parte izan zen. Gaur egun bertsolaritza non eta nondik bizi duen jakingo dugu, eta Lesakan egin berri duten Nafarroako Bertso Munduko Emakumeen Topaketari buruz ere galdetuko diogu.

Historiako emakume bertsolariak, Hitzetik Hortzeran
Bertsoaldiak ez dira faltako. Aste honetan Seaskaren alde Senperen antolatu den BECtso saioko bertsoaldiak, Lasarte-Orian egin duten saioko poesiak eta bertsoak eta Astigarragako bertso bazkariko eta Iruñeko bertso afariko bertsoaldiak entzungo ditugu.

Eta aste honetan iragarri bezala, igande honetatik aurrera, historiako emakume bertsolariak hobeto ezagutzeko aukera izango dugu Hitzetik Hortzeran. Datozen zazpi programetan bertsolari haietako batzuen izenak, bizitzak, irudiak eta bertsoak ekarriko dizkizuegu asteroko atal honetara.

Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etan, ETB1en; eta astelehenetik aurrera EITB Nahieran atarian.

Estitxu Arozenarekin Lesakan elkartu da Eider.