Estatu Batuetako bertsolariekin izandako solasaldia Bertsoan
Iragan asteazkenean AEBko Johnny Curutchet eta Martin Goicoetchea bertsolariek saioa eskaini zuten Amasa-Villabonako Subijana etxean, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin batera. Aurrez Subijana etxean biltzen diren Mintzola Fundazioaren, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eta Bertsozale Elkartearen egitasmoak ezagutu zituzten bi bertsolariek, Frantxua Bidaurreta San Frantziskoko euskal etxeko ordezkariarekin eta EKEkoekin batera. Bisitaren ondotik izan ziren Bertsoako lagunekin eta euren inpresioak azaldu zituzten. Bertso saioan botatako aleak ere entzungai izango dira asteazkenean.
Ostegunean, belaunaldiartekotasunaz ariko da bertsoa. Hitzetik Hortzera saioan duela pare bat aste hizpide izan zen gaiarekin jarraitzeko gogoz geratu zenak, horretan are gehiago murgiltzeko aukera izango du aste honetan sareko plazan.
Datozen Bertsoaroa eta GBT15aren final laurdenetako lehen bi saioen inguruko informazio osatua ere plazaratuko du Bertsoak; eta baita Hitzetik Hortzeran kontagai izango dena ere.
Bertsoak ez dira faltako eta Xalbador Eguneko, Debako eta Loiuko saioak argitaratuko ditu, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz oroimenaren kutxatik berreskuratutako beste bertsoaldi batekin batera. Aste honetan Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan dela aitzakia hartuta, gaiari lotutako bertsoak dira aukeratuko direnak.