Espazio euklidearrean egindako Bertso Eguna
360 zale elkartu ziren Iruñeko Gayarre Antzokian 2021eko lehen Bertso Eguna bertatik bertara jarraitzeko, eta 40 bat ikus-entzule izan zituen online.
Forma geometrikoez inguratuta erantzun zituzten Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariek Ainhoa Larretxea gai-jartzaileak proposatutako gaiei: mundu paralelo eta errealitateak izan zituzten hizpide, besteak beste, etxeko animalien eta estralurtarren lekutik arituta. "Errealitateei beste ikuspuntu edo perspektiba batzuetatik kantatuko diegu", iragarria zuen aurrelanean aritu zen Saioa Alkaizak. Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere bertso sorta banarekin hartu zuten parte emanaldian, Araitz Bizkai gitarra-jotzailea lagun zutela.
Martxoaren 27an Getarian eta maiatzaren 22an Hazparnen izango dira hurrengo Bertso Egunak: www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai sarrerok.
Hemen larunbateko bertso saioko argazkiak.
>> Egiten denak balio du. Amets Aranguren Arrietaren kronika, Bertsoa.eus atarian.