Esleitu dira bertsolaritzaren ikerketa sustatzeko proiektu sariak

2015/10/08
Irudia, haurren sormen prozesua eta bertsoaren jauzia denboran dituzte hizpide lanek.

Mintzola Fundazioak eta Laboa Katedrak pasa den ekainean proiektu sariak eskuratzeko deialdia egin zuten, eta epaimahaiak hartu du erabakia. 5 lan jaso dira eta horien artetik 3 aukeratu ditu esleitzeko zeuden 2.000 euroko hiru sariak emateko.

Beñat Romeraren Bertsolaritzaren hitzaren arteko irudia, Jon Martinen Bertsolaritza eta haurren sormen prozesua eta Eñaut Agirreren Bertsoaren jauzia denboran. Ahozko herentzia eta kantaera, komunikaziorako etengabeko bidelagun lanak aukeratu ditu epaimahaiak, 2.000 euroko proiektu sariak esleitu eta euren lanak garatzeko. Epaimahaia Jone Miren Hernandez, Juan Kruz Igerabide eta Jesus Mari Makazaga doktoreek osatu dute.

Lanak ebaluatzeko garaian, proiektuaren helburuak eta interesa, garapen-maila eta bideragarritasuna hartu dira kontuan, besteak beste.

Ikerketa kontratua esleitu gabe geratu da

Proiektu sariekin batera, Mintzola Fundazioak eta Laboa Katedrak, EHUko Euskara eta Ikerketa Errektoreordetzekin batera, ikerketa kontratu baterako deialdia egin zuten. Bertsolaritzari buruzko doktorego tesia osatzeko urtebeteko ikerketa kontratua zen eskaintzen zena, 3 urteraino luzatzeko aukerarekin.

Ikerketa kontraturako eskaerarik jaso den arren, esleitu gabe uztea hobetsi da.

Bertsolaritzaren ikerketa sustatzeko deialdiak

Mintzola Fundazioaren zereginetako bat ikertegiari dagokio eta hor garatzen dira bertsolaritzaren ikerketari loturiko egitasmoak; horren baitan daude Mintzola Fundazioak Laboa Katedrarekin batera deitutako proiektu sarien eskaintza eta bi erakundeok EHUko Euskara eta Ikerketa Errektoreordetzekin batera eskainitako ikerketa kontratua. Proiektu sariak eskaintzen diren bigarren aldia da eta hirugarrena ikerketa kontratuaren kasuan.

Informazio gehiago, hemen

Bertsolaritzaren ikerketa sustatzea dute helburu bi deialdiek