Eskuratu sarrerak Euskal Herriko Eskolarteko saiorako

2021/10/21
Igandean izango da Abadiñon, 11:30ean. Lurraldeetako eskolarteko txapelketetatik sailkatutako hamaika bertsolarien saioa ikusteko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

Euskal Herri osoko bertsolari gazteak elkartuko ditu igande honetako saioak, Euskal Herriko Eskolartekoak: Maddi Agirre Epelde eta Eukene de los Aires Amundarain arabarrak; June Diaz Franco eta Janire Arrizabalaga Munduate bizkaitarrak; Gipuzkoako ordezkariak izango dira Ekain Tolaretxipi Errazti eta Naia Arrizabalaga Arrieta; Lapurdiko Haira Aizpurua Ibargarai eta Oneka Arteaga Olasagasti; Beñat Astiz Isasi eta Eki Mateorena Zozaia nafarrak; eta Zuberoatik, Aetz Etxart Sarasola.

Hemen dituzu sarrerak

11:30ean izango da saioa Abadiñoko probalekuan; sarrerak aurretik eskuratu behar dira www.bertsosarrerak.eus atarian. Igor Menikak gidatuko du saioa, eta Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Julen Zelaieta, Leire Etxebarria eta Zigor Leunda ariko dira epaile lanetan.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa; Abadiñoko Udala, Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritza dira aurtengoan laguntzaile. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.

Saratik Abadiñora eta udaberritik udazkenera

2019an egin zen aurreko Euskal Herriko Eskolartekoa. Saran egin zen orduan eta hirurtekoa beteta, beste herri batera mugitzerako iritsi zen pandemiaren mehatxua. Iaz Eskolartekoa egin ahal izan zen lurraldeetan, baina ondoren, Euskal Herrikoa egiteko zeuden zailtasunak tarteko, Eskolatik Plazara ekimena antolatu zen haren ordez, lurraldeetako eskolartekoetatik sailkatutako bertsolari gazteek jendaurrean kantatu zezaten. Udazkenean bada ere, 2021ean, honenbestez, itzuliko da Euskal Herriko Eskolartekoa; aurtengoan, Abadiñon.

Saran egin genituen azken Eskolartekoak. / XDZ