Eskuragarri dago 'Bapatean 2022' liburua, bazkideentzat

2023/02/07
Iaz egin bezala, aurten ere paperean kaleratuko dugu urteko bertso bilduma, eta Bertsozale Elkarteko bazkideek doan eskuratu ahal izango duzue. Horretarako, www.bertsozale.eus atarian argitaratutako formularioa bete beharko da otsailaren 13a baino lehen, eta 'Bapatean 2022' etxean jaso nahi dela adierazi.

Urteroko gisan, igaro berri den urteko bertsoak hautatu, eta Bapatean 2022 bilduman jaso ditu Bertsozale Elkarteak. Proiektua gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oreka eta Eusko Jaurlaritzaren ondare immaterialaren azterketarako dirulaguntza jaso ditu.

Formatu digitalean eskuratu izan da bilduma azken urteotan, baina iaz egin bezala, aurten ere liburua etxean ere jaso ahal izango duzue eskaera egiten duzuen bazkideok. Horretarako, otsailaren 13a baino lehen bete behar duzue web orri honetan dagoen formularioa, eta Bapatean 2022 etxean jaso nahi duzuela adierazi - bestalde, bertsoaldien audio fitxategiak mp3 formatuan jaso nahi izanez gero,  idatzi  helbidera-.

Bazkidea zara eta Bapatean 2022 etxean jaso nahi? Egin eskaera hemen

Bertsolaritza plaza eta ekimenei buruzko informazio zabala bezain zehatza dakar aurtengo Bapatean 2022-ak. Esan gabe doa, informazio horrekin batera ditu bere baitan lurralde, genero zein belaunaldi orotariko bertsoaldien isla diren 57 saiotako 599 bertso  (iaz baino 51 gehiago), bertsoaldietako gai, doinu eta ohiko informazio guztiarekin. Beñat Vidal Gurrutxagak idatzitako aitzinsolasa du aurtengoak. Ez gara nekatuko esaten, Bapatean bildumako ale bakoitza zaleek Xenpelar Dokumentazio Zentrora bidaltzen dizkiguzuen grabazioei esker dela posible, grabazio horietan oinarrituta egiten baita bertsoaldien aukeraketa. Mila esker, beraz, bertsolari, gai-jartzaile, antolatzaile eta bilketa horretan parte hartu duzuen guztioi.

Otsail hondarrerako, bdb.bertsozale.eus atarian ere irakurgai izango da Bapatean 2022 argitalpena, eta bertan ageri diren bertsoen audioak ere entzungai eskainiko dira. Baina bazkideek oraintxe dute aukera paperezko liburua doan jasotzeko.