Eskoletan 29.700 ikaslerekin ari gara, bat-bateko metodologiarekin eta material berriarekin
Bertsozale Elkarteak 37 urte daramatza ikastetxeetan bertsolaritza lantzen, eskola orduetan. 2022-23 ikasturtea abiatu dugu, eta zazpi lurraldeetako 230 herritan 485 ikastetxe ditugu bidelagun; Bertsozale Elkarteko 50 irakasle ari dira gelaz gela eskolak ematen 29.700 ikasleri.
Bat-bateko metodologiarekin ari garenetik ikasleengan motibazioa areagotu dela, ahozkotasuna erdigunean jarri dela eta bertsotarako jarioa hobetu dela ondorioztatu dugu
Azken urteotan, metodologian, irakasleen formakuntzan eta material sorkuntzan ari gara indar egiten. Ikasleek gelan bertso saio baten esperientzia bizi dezaten sustatzen ari gara: izan entzule roletik, sortzaile zein bertsolari roletik. Horretarako, haurrei eurentzat espresuki sortutako ereduak eskaintzen dizkiegu; gelaren aurrean bat-batean bertsotan egitea esperimentatu dezaten egoerak eskaintzen ditugu eta, zailtasun maila ezberdinetan, urratsez urrats, bertsotan egiteko gaitasuna lantzen dugu.
Ikastetxeetan bat-bateko metodologiarekin ari garenetik ikasleengan motibazioa areagotu dela, ahozkotasuna erdigunean jarri dela eta bertsotarako jarioa hobetu dela ondorioztatu dugu ikastetxeek ikasturtero betetzen duten ebaluazio galdetegietan.
Metodologia ikertzen
Azken ikasturteetan bezala, aurten ere bertsolaritza ikas-irakasteko metodologia ikertzen jarraitzen dugu. Orain arte izan diren proposamen didaktiko guztiak, batetik –aurten bete dira berrogei urte Xabier Amurizaren Zu ere bertsolari argitaratu zenetik— ; eta, bestetik, gaur egun martxan dugun metodologia bera. Azken horri dagokionez, irakasleek euren jardun errealean martxan jartzen dituzten estrategiak zeintzuk diren aztertzea da helburua.
Ikerketak luzerako emango duen arren, orain arteko ondorioak elkarteko irakasle guztien artean partekatzea da asmoa.
Irakasleen formazioa, HUHEZIrekin
Bertsozale Elkarteko 50 irakasleak lurraldeetako mintegietan elkartzen dira, ikasgela barruko lana partekatzeko; eta aldi berean, Batzorde Pedagogikoan biltzen dira herrialdeetako didaktika arduradunak, metodologia, formazio eta materialgintza gaiak lantzeko.
Batzorde Pedagogikoan biltzen dira herrialdeetako didaktika arduradunak, metodologia, formazio eta materialgintza gaiak lantzeko
Ikasturte honetan, oinarrizko formazio ikastaroa ari gara eskaintzen Bertsozale Elkarteko irakasle hasiberrientzat, Moodle plataformaren bidez eta saio presentzialekin. Bertan 18 bertsolaritza irakasle ari dira oinarrizko nozioak lantzen. Gainerako irakasleek formazioan sakontzen jarraitzen dute; aldiro, mintegietako kide batzuek HUHEZI fakultatean eskutik euren gela barruko lana berrikusteko aukera dute. Horretarako, irakasleek euren eskolak bideoz grabatzen dituzte, eta HUHEZIko formatzaileen bidelaguntzarekin, horiek gidatzeko euren moduak nola hobetu ditzaketen lantzen dute.
Bertsozale Elkarteko Batzorde Pedagogikoko lantaldea ere HUHEZIrekin formatzen ari da, nork bere lurraldeko irakasle mintegian bidelaguntza hori eskaini ahal izateko irakasle lankideei.
Irakasleak materiala sortzen
Bertsozale Elkarteko 50 irakasleko lantaldea bera da ondoren gelan erabiliko duen materiala bere eskutik sortzeko aukera duena. Batzorde Pedagogikoan diseinatu eta irakasle mintegiek egindako talde lanari esker, Zozoak beleari… kopla bi! materiala sortu berri dugu hiru formatutan: www.bertsoikasgela.eus atarian eskuragarri daude formatu digitalean, ikasleentzat ikasliburu formatuan eta irakasleak gelara eramateko karta jokoen bidez.
Ikasmateriala sortzeko prozesuan partaide ditugu, halaber, sortzaile kolaboratzaileak: haurrentzat bertso sortak jartzen dituzten bertsolariak, ilustratzaileak (Ainara Azpiazu Axpi, Izaro Lizarraga, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo) eta sortak musikatzeaz arduratzen den Oskar Estanga bertsolari eta musikaria.
www.bertsoikasgela.eus atariak pasa den ikasturtean 52.000 erabiltzaile izan zituen; bertsolaritza irakasleek eskolak gidatzeko 680 eduki ezberdin erabili zituzten.
Ikaselkar hezkuntza argitaletxearekin elkarlanean
Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak LHko lehen ziklorako Kimu ikasmateriala sortu du. Bertan, unitate didaktiko bakoitzera sarrera egiteko bertso sortak baliatu dituzte. Bertsozale Elkartetik prozesuan bidelaguntza eskaini diegu, eta egun, www.bertsoikasgela.eus atarian ere ikusgai ditugu bertso sorta horiek. Bertsolari ezagunek haurrentzat jarritako sortak dira, Elkar estudioan musikatu eta ekoiztu direnak; bideoan bertsolariak kantuan ikus daitezke, estudioan hartutako irudiekin. Sorta batzuek ilustrazioekin osatutako bideo muntaiak eskaintzen dituzte.