Eskolatik plazara, Iruñean

2021/02/01
Gernika-Lumon hasi zuen bidea egitasmoak pasa den ostiralean. Otsailaren 5ean izango da hurrengo hitzordua Nafarroako hiriburuan. Gonbidapenak eskuragai dituzu www.bertsozale.eus atarian bertan.

Gernika-Lumoko Astran elkartu genituen pasa den urtarrilaren 29an, iaz Euskal Herriko Eskolartekoan aritzekoak ziren Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin; Igor Menikak jarri zituen gaiak. Zortedunak izan ziren gernikarrak, Euskal Autonomia Erkidegoan udalerrien arteko mugak igaro ezinda, haiek izan baitzuten soilik saioaz gozatzeko aukera. Dena den, laster ikusi eta entzun ahal izango ditugu bertsoaldiak Hitzetik Hortzeran ere.

Eskuratu gonbidapenak, hemen

Aste honetan iruindarren txanda izango da. Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan ariko dira kantuan Aitor Ugarte, Alaia Martin, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires eta Julio Soto; Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. 18:00etatik aurrera izango da hitzordua. Sarrera doakoa da, eta gonbidapenak jada eskuragai daude atari honetan bertan: egin eskaera, hemen.

Hirugarren saio bat ere aurreikusten dugu, eta xehetasunak laster emango ditugu.

Eskolartekoa antolatzen dugun Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dugu Eskolatik Plazara. Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen. Bertsolari gazteei ikusgarritasuna eman nahi zaie ekimen honekin, bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten baita datozen urteetako plazei begira.

Astran izan zen lehen emanaldia. / XDZ