Eskolatik Plazara ekimena, Hitzetik Hortzera
Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak hiru saio antolatu dituzte elkarlanean urte hasiera honetan: Gernika-Lumon, Iruñean eta Altzon. Esan bezala, iazko Eskolarteko finalista gazteek gaur egun plazaz plaza dabiltzan bertsolari arituagoekin kantatzeko aukera izan dute. Hiru saioetako bertsoaldien hautaketa zabala eskainiko dizuegu aste honetan Hitzetik Hortzeran, baita parte-hartzaile gazteenen bizipen eta esperientziak ezagutuko ere.
Aurreneko saioan, Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga gazteekin batera, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan. Bigarren saioan, Iruñekoan, Aitor Ugarteren, Bittori Elizalderen, Ekhiñe Zapiainen eta Eukene De Los Airesen txanda izan zen, eta horiekin batera Alaia Martin eta Julio Soto aritu ziren. Azken saioa Altzon izan zen, eta kasu honetan, Aner Peritz, Haira Aizpurua eta Irantzu Idoate izan ziren protagonistak, Maialen Lujanbiorekin eta Nerea Ibarzabalekin batera.
Horrez gain, Eskolarteko txapelketak antolatzen urte luzez aritu diren Juanjo Respaldizarekin eta Mikel Mendizabalekin elkartuko gara. Urte hauetan zehar, milaka bat-bateko zein idatzizko bertso berri entzun dituzte gaztetxoen ahotik, eta zer kontatua izango dute gaztetxoen eta eskolartekoen inguruan.
Bertsoaldi kuttuna
Aste honetan Leire Garatxena Gernikako Lilibertso bertso-eskolako kidearen Bertsoaldi kuttuna ezagutuko dugu Txapelketa Nagusiko bertsoaldi bat ekarriko dugu gogora berarekin; hain zuzen ere, Sustrai Colinak 2013ko Txapelketan Maule-Lextarren kantatutakoa.
Hitzetik Hortzera: igandean 15:00etan eta larunbatean 21:00etan, ETB1en, eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.