Eskolartekoan jazotakoak, Bertsoan jasoak

2019/06/11
Pasa den larunbatean botatako bertsoaldien hautaketarekin batera, parte-hartzaileen hitzak ere entzungai izango dira.

Euskal Herriko XXXI. Eskolartekoaren bat-bateko txapelketaren finala izan zen Saran larunbatean. 15 eta 18 urte bitarteko hamahiru lagun elkartu zituen oholtza gainean azken saio honek, lurralde guztietako ordezkari: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002); Baxenabarretik, Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002); Bizkaitik, Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2001) eta Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño, 2001); Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi Loidi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz Manterola "Euzkitze" (Zarautz, 2002); Lapurditik, Naia Etxeberri Larzabal (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Leire Casamajou (Sohüta, 2002). Julene Etxeberrik jarri zizkien gaiak. Bertsolarion lanaren lagina ekarriko du Bertsoa.eus atariak sarera eta parte-hartzaileen sentsazioak ere ezagutuko ditugu haien ahotik.

Bestalde, Beasaingo Loinatz jaietan izandako saioa ere jaso du webguneak: Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia, Maddi Aiestaran eta Sebastian Lizaso bertsolariak aritu ziren, Igor Egurenek proposatutako gaiei erantzuten.

Eta aste honetan Lanku Kultur Zerbitzuen bidez Koldo Izagirrek aurkeztuko duen Bertsoaren Harria argitalpena ere ezagutuko dugu Bertsoa.eus atarian. Donostian aurkeztuko da ekainaren 13an, eta bigarren aurkezpen bat ere egingo da ekainaren 14an, ostiralean, Iruñean.

Izango dira kontu gehiago ere, beraz, adi jarraitu!

Eskolartekoa, Beasaingo jaietako bertso saioa...