Eskolartekoa, plazaz plaza
Ekainean izan behar zuen Eskolarteko azken hitzorduak, Euskal Herrikoak; gero, azaroan; baina saiakera bat zein bestea ezin izan ziren gauzatu, osasun egoeraren bilakaera tarteko. Lurraldeetan saioak egiteko aukera izan zen, eta horietako bakoitzean erabaki ziren Euskal Herrikoan parte hartuko zuten gazteak zeintzuk izango ziren.
Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, plaza eskaini nahi izan zaie: horretarako antolatu dugu Eskolatik Plazara, Eskolartekoko parte-hartzaileok egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartuko dituen proposamena.
Saio hauetarako sarrera doakoa izango da, baina webgune honetako izen-emate orriak bete beharko dira aretoan lekua gordetzeko.
Gorde zure lekua Gernika-Lumoko ala Iruñeko saiorako!
Gernika-Lumon, lehenengoa
Eskolartekoa antolatzen dugun Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dugu Eskolatik Plazara. Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen.
Finalean kantatzekoak ziren hamar bertsolari gazteei ikusgarritasuna ere eman nahi zaie ahalegin berri honekin, Eskolartekoaren egitekoetako bat hori izanda: bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten da datozen urteetako plazei begira, eta gazteen plazaratzea lehentasunezko apustuetako bat da Bertsozale Elkartean.
Urtarrilaren 29an, Gernika-Lumon egingo da lehena: 18:00etik aurrera, Astran izango da saioa. Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga ariko dira, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin. Igor Menikak gidatuko du. Saioa ikusteko tokia www.bertsozale.eus webgunean dagoen izen-emate orria beteta gorde ahal izango da.
Era berean, dagokien izen-emate orria beteta, gorde beharko da lekua bigarren eta hirugarren saioetarako. Arabako eta Nafarroako Eskolarteko ordezkariak elkartuko ditugu Iruñean otsailaren 5ean: Eukene De Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin ariko dira, eta Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da hitzordua, 18:00etatik aurrera. Hirugarren saioaren xehetasunak aletuko ditugu laster.
Esan gabe doa ezinbestekoa izango dela indarrean dauden neurriak betetzea eta une oro antolatzaileen argibideak jarraitzea.