Eskatu Bapatean 2024 liburua doan!
2024ko Bapateanek dakartza, besteak beste, Euskal Herri osoko bertso plazei buruzko informazioa, eskualdearen araberako saio kopuruak, aldizkako saio zein sariketen berri eta Xenpelar Dokumentazio Zentrora (XDZ) grabatuta iritsi diren bertsoaldien hautaketa bat. Lurraldetasuna, generoa, belaunaldiartekotasuna, saio mota, doinuen berritasuna… bezalako aldagaien baitan bereizitako bertsoaldiak dira, beti ere, bertsolari bakoitzaren saio kopuruan oinarrituta.
Beraz, Bertsozale Elkarteko bazkide izanez gero eta Bapatean 2024 paperean eta doan eskuratu nahi izanez gero, aski duzu izen-emate fitxa betetzea, otsailaren 10a baino lehen.
Eskatu Bapatean 2024 hemen
Horrezaz gain, bertsoaldiei dagozkien audioak eskuratu nahi izanez gero, idatz xenpelar@bertsozale.eus helbidera ze bazkide zaren eta zure eskaera adieraziz; ahalik lasterren bidaliko dizkizugu bertsoaldiak.
Aurtengo edizioari Unai Mendizabal Jauregik egin dio aitzinsolasa, Plazaren atzean izenekoa. Bertsoei dagokionez, Bapatean 2024k 687 bertso dakartza; 74 bertso saiotako 88 bertsoalditan multzokatuak. Gainera, bertsoaldi bakoitzari dagokion informazioa ematen da: gai, doinu, parte hartzaile, antolatzaile… bai eta saio bakoitzaren testuinguruari buruzko zertzeladak ere.
Bapatean 2024 liburuko bertsoaldien corpusak herritarrek antolatutako bertso saioetan bat-batean kantatutako hainbat bertso biltzen ditu; txapelketakorik ez dakar, ez bada herrialdeetako txapeldunen agurra edo gazte sariketatan kantatutakoak.
Anitz jenderen lanaren emaitza da Bapatean 2024a. Borondatezko grabatzaileei esker jaso ahal izan ditugu ehunka bertso aldi eta zenbait potret. Eskerrik beroenak beraz, saio erdi, osorik edo hamaika grabatu, zein argazkiren bat egin eta XDZra helarazi dizkiguzuenoi.
Proiektua gauza zedin Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oreka eta Eusko Jaurlaritzaren ondare immaterialaren azterketarako dirulaguntza jaso ditu Bertsozale Elkarteak.