Eskatu Bapatean 2021 ostirala baino lehen

2022/02/23
Aurten paperean kaleratuko dugu urteko bertso bilduma, eta Bertsozale Elkarteko bazkideek eskuratzeko aukera izango duzue. Eskaera egiteko epea amaitzear da; zeurea eskuratu nahi baduzu, adi, hemen dituzu eman beharreko pausoak.

Bapatean 2021 liburuan aterako dugu, eta Bertsozale Elkarteko bazkideek hura eskuratzeko aukera izango duzue. Horretarako, www.bertsozale.eus atarian argitaratutako inkesta hau bete beharko da, eta amaieran Bapatean jaso nahi dela adierazi. Erraz-erraza.

Hori bai: inkesta eta eskaera otsailaren 25erako gauzatu behar dira, hain justu, 12:00ak baino lehen.

Bestalde, audio fitxategiak mp3an eskuratu nahi badira, helbidera idatzi behar da eskaera eginez.

Sarean ere eskuragai duzu Bapatean 2021, eta Elkar dendan ere eskuratu ahal izango da laster 15 euroren truke.

IRAKURRI ETA ENTZUN SAREAN BAPATEAN 2021

 

54 bertso saiotako 80 bertsoaldi

Maddi Sarasua Laskaraik idatzi du liburuaren hitzaurrea. Bertsolari lapurtarrak bertso ekitaldien zentzuari eta kulturaren funtzioei egin die erreferentzia: "Egon dira plazak eta saiatu gara bertsolariok umorea pizten, kezkei eta gogoei kantatzen. Baina denen kezkak eta gogoak berdinak ez direnean ez da erraza zer kantatu asmatzen. Eta plazara seguru atera behar den arren, galderak dauzkagu barruan".

Bazkidea zara eta Bapatean 2021 etxean jaso nahi? Bete inkesta eta egin eskaera hemen

Guztira, 54 bertso saiotako 80 bertsoaldirekin osatu da bilduma: 548 bertso transkribatu dira gai, doinu eta ohiko informazio guztiarekin. Hautaketan lurraldetasun, genero eta belaunaldiartekotasuna kontuan izan dira, bertsolari bakoitzak egindako bertso kopurua ere bai. Lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko ahapaldiak dagokien forman idatzi eta izendatuta dakartza bildumak. Urtero bezala, bertso plazari buruzko datu orokorragoak ere eskaintzen dira.

Jende askok katean egindako lana da Bapatean. Xenpelar Dokumentazio Zentroan koordinatzen da bilketa lana, eta hainbat grabatzailek jasotako informazio eta grabazioak dira azterketaren oinarri. Bertsozale Elkarteak herriz herriko biltzaileek egiten duten lana nabarmendu nahi du.

Proiektua gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oreka eta Eusko Jaurlaritzaren ondare immaterialaren azterketarako dirulaguntza jaso dira.